Job 21 EABD

1 Jobek erantzun zuen:

Jobek lagunei arreta eskatzen

2 «Entzun arretaz nire hitzak,emadazue behintzat kontsolamendu hauxe.

3 Izan eroapena hitz egiten dudan bitartean,eta amaitzean, egin iseka, nahi baduzue.

4 Gizakiagatik kexatzen ote naiz?Zergatik, bada, ez dut galduko pazientzia?

5 Jar iezadazue arreta. Txundituta,txintik esan gabe geldituko zarete.

6 Oroitzapen horrek neu ere izutu egiten nau,hotzikara sartzen zait gorputzean.

Gaiztoak zorionean bizi

7 «Zergatik jarraitzen dute bizirik gaiztoek,zenbat eta zaharrago hainbat eta indartsuago?

8 Seme-alabak sendotuz doaz haien ondoan,kimu berriak hazten ikusteko aukera dute.

9 Haien etxeak, bakean eta beldurrik gabe:Jainkoaren zigorrik ez zaie iristen.

10 Haien zezenak huts egin gabe ernaltzen du,txahalik galdu gabe erditzen behia.

11 Umeei arkumeak bailiran uzten diete jolasean,haurrei dantzan.

12 Danbolin eta zitararen laguntzaz abestueta txistua joz egiten dute festa.

13 Beren egunak gozo-gozo pasatueta lasai asko jaisten dira lurpera.

14 Jainkoari esaten zioten: “Alde egizu guregandik,ez ditugu zure bideak ezagutu nahi eta.

15 Merezi al du Ahaltsuak zerbitza dezagun?Zer irabazten dugu berarengana joz?”

16 Ez al dute zoriona beren esku? Zergatik esan, orduan,“Ez nator bat gaiztoen egitasmoekin?”

Gaiztoek zigorrik ez

17 «Sarri itzaltzen ote da gaiztoen kriseilua,sarri jausten ote ezbeharra haien gainera,sarri ematen ote Jainkoak zigorra bere suminean?

18 Halere, esan ohi da: “Izan bitez lastoa haizetan bezala,orbela zurrunbiloan bezala!”

19 Aitaren zigorra seme-alabei ematen omen die Jainkoak.Zigor dezala bera, konturatuko da!

20 Ikus dezala bere begiez hondamendiaeta edan Ahaltsuaren sumina!

21 Izan ere, zer axola zaizkio etxekoak, hil eta gero,bere hilabete-kopurua amaitu ondoren?

22 (Nork emango irakaspenak Jainkoari,zeruko izakien epaile ere bera delarik?)

23 «Hiltzen da bat sasoi-sasoian,zoriontsu eta lasaitasun betean;

24 saihetsak gantzez ongi beteta,hezurrak sendo eta indartsu.

25 Hiltzen da beste bat, atsekabez betea,zoriona sekula dastatu gabe.

26 Biak batera etzaten dira lurreaneta harrek estaltzen dituzte.

Gaiztoa heriotzan ere ohoratua

27 «Ongi ezagutzen ditut zuen gogoetaketa nire aurka dituzuen argudioak.

28 Badakit esaten duzuela:“Non da tiranoaren etxea, non gaiztoen egoitza?”

29 Zergatik ez diezue bidaiariei galdegiteneta haiek esandakoa kontuan hartzen?

30 Gaizkilea onik irteten da hondamendikoan,babesean egoten zigor-egunean.

31 Inork ez dio bere jokabidea aurpegiratzen,ezta merezi duena ematen ere.

32 Hilerrira eramaten dutenean,beila egiten dute haren hilobian.

33 Jende guztia doa haren atzetik segizioan,zenbatezina bildutakoen kopurua.Gozo zaio hilerriko lurra.

34 «Nola kontsolatu nahi nauzuezeuen erantzun faltsu eta hutsal horiekin?»

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42