Hasiera 13 EAB

1 Abram, Egiptotik Negev aldera abiatu zen bere emazte eta ondasun guztiekin. Lot ere berarekin zihoan.

Abraham eta Lot bere iloba

2 Oso aberatsa zen Abram. Abere, zilar eta urre ugari zuen.

3 Geldiuneak eginez, Negevetik Betelera itzuli zen, beste behin ere oihal-etxola kokatua zuen lekura, Betel eta Airen artean.

4 Eta lehenago aldarea eraiki zuen leku berean gurtu zuen Jauna.

5 Abramen bidelagun zen Lotek ere bazuen artalde, behi-talde eta oihal-etxola ugari.

6 Horrenbeste abere izanik, lurralde hark ez zien denak batera bizitzeko egokierarik eskaintzen;

7 garai hartan, gainera, kanaandarrak eta periztarrak bizi ziren han. Behin batean, liskarra sortu zen Abramen eta Loten artzainen artean.

8 Abramek Loti esan zion: «Senitartekoak gara biok. Beraz, ez dugu bion artean liskarrik izan behar, ezta zure eta nire artzainen artean ere.

9 Bereiz gaitezen, beraz. Hor duzu aurrean eskualde guztia; zuk ezkerrera jotzen baduzu, ni eskuinera joango naiz; zuk eskuinera jotzen baduzu, ni ezkerrera joango naiz».

10 Jaso zituen begiak Lotek eta Jordango ibarra ikusi zuen. Jaunak Sodoma eta Gomorra erraustu baino lehen, ibar hura Tzoar-eraino uretan aberatsa zen: Jaunaren baratzea zirudien, Nilo ibarraren antzekoa.

11 Lotek Jordango ibar osoa hautatu zuen beretzat eta ekialderantz jo. Honela, banatu egin ziren bata bestearengandik.

12 Abram Kanaan lurraldean jarri zen bizitzen, eta Lot ibarreko hirietan. Honen oihal-etxolak Sodoma bertaraino hedatzen ziren.

13 Sodomako bizilagunak gaiztoak ziren eta bekatu larriak egiten zituzten Jaunaren aurka.

14 Lotek alde egin ondoren, honela mintzatu zitzaion Jauna Abrami: «Begira inguru guztira; zuzendu begiak zauden lekutik iparralde nahiz hegoaldera, ekialde nahiz mendebaldera.

15 Ikusten duzun lurralde hau guztia betiko emango dizuet zeuri eta zure ondorengoei.

16 Lurreko hautsa bezain ugari egingo ditut zure ondorengoak: ezin konta ahalako izango dira, lurreko hautsa ezin konta ahalako den bezala.

17 Zoaz orain lurralde hau bere luze-zabalean zeharkatzera, zeuri emango baitizut».

18 Oihal-etxolak bildu eta Hebronen zegoen Mambreren artadian kokatu zen Abram, eta aldarea eraiki zion Jaunari.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50