Hasiera 37 EAB

Joseren historia (37,1—50,26)

Joseren ametsak

1 Jakob Kanaanen bizi zen, beraren gurasoak atzerritar gisa ibili ziren lurraldean.

2 Hona Jakoben senitartearen historia.Jose, hamazazpi urteko gaztea zelarik, artzaintzan zebilen bere anaiekin, bere aitaren emazte Bilha eta Zilparen semeekin. Josek bere anaien gaiztakeriaren berri ematen zion aitari.

3 Israelek maiteago zuen Jose beste seme guztiak baino, zahartzaroko semea baitzuen, eta jantzi apain bat egina zion.

4 Aitak maiteago zuela ikusirik, anaiak gorrotatzen hasi zitzaizkion eta hitza bera ere ukatu egiten zioten.

5 Behin batean, Josek amets bat izan zuen eta, kontatu zienean, are gehiago gorrotatu zuten anaiek.

6 —Entzun nire ametsa —esan zien—.

7 Gari-balak lotzen ari ginen soro erdian. Hartan, nirea jaiki eta zutik jarri zen, eta zuenak nirearen inguruan ahuspeztu ziren.

8 Anaiek esan zioten:—Geure errege edo menderatzaile izan behar ote zaitugu?Eta are gehiago gorrotatu zuten bere amets eta esanengatik.

9 Beste amets bat ere izan zuen eta anaiei kontatu zien, esanez:—Beste amets bat ere izan dut: Eguzkia, ilargia eta hamaika izar ahuspezten zitzaizkidan aurrean.

10 Aitari eta anaiei kontatu zienean, aitak esan zion haserre:—Zer amets da hori? Zure aurrean jarri behar ote dugu zu gurtzeko zeure amak, senideek eta nik neuk?

11 Anaiek bekaitzez begiratzen zioten; aitak, ordea, gauza hauek sarritan hausnartzen zituen.

Joseren anaien mendekua

12 Joseren anaiak Sikemera joanak ziren, aitaren artaldea larratzera.

13 Israelek Joseri esan zion:—Zure anaiak Sikemen dira ardiak larratzen. Haiengana joan behar duzu.Josek erantzun zion:—Prest nauzu.

14 Aitak esan zion:—Zoaz zure anaiak eta artaldea nola dabiltzan ikustera, eta ekarri haien berri.Israelek, bada, Hebron haranetik Sikemera bidali zuen. Hara iristean,

15 gizon batek landan zehar noraezean ikusi eta galdegin zion:—Zeren bila zabiltza?

16 Josek erantzun:—Neure anaien bila. Esadazu non ari diren larratzen!

17 Gizonak esan zion:—Alde egin dute hemendik. Dotanera zihoazela entzun diet.Joan zen, bada, Jose anaien ondoren eta Dotanen aurkitu zituen.

18 Anaiek urrutitik ikusi zuten eta, beraiengana hurbildu aurretik, hura hiltzeko akordioa hartu zuten.

19 —Badator ameslaria —ziotsaten elkarri—.

20 Ea, hil eta jaurti dezagun putzu batera, eta basapiztiaren batek irentsi duela esango dugu. Orduan ikusiko dugu zertan gelditzen diren horren ametsak.

21 Hori entzutean, Jose haien eskuetatik libratu nahian hasi zen Ruben.—Ez dezagun hil! —esan zien—.

22 Ez isuri odolik! Jaurti ezazue eremuko putzu batera, baina ez kalterik egin.Jose haien eskuetatik libratu egin nahi zuen, aitari itzultzeko.

23 Honela bada, Jose hurbildu zenean, anaiek soinean zeraman jantzi apain hura kendu zioten,

24 heldu eta putzu batera jaurti zuten. Hutsik zegoen putzua, urik gabe.

25 Ondoren, jateko eseri ziren.Horretan, Joseren anaiek Galaadetik zetorren ismaeldar bidaiari-talde bat ikusi zuten. Egiptora zihoazen, gameluetan usaingarriak, ukendua eta mirra eramanez.

Jose ismaeldarrei saldua

26 Judak esan zien anaiei: «Zer irabazten dugu geure anaia hil eta beraren heriotza ezkutatuz?

27 Ea, sal diezaiegun ismaeldarrei, kalterik egin gabe, anaia hau geure odolekoa dugu eta».Amore eman zuten anaiek.

28 Honela, madiandar merkatariak handik igaro zirenean, Jose putzu lehorretik atera eta zilarrezko hogei txanponetan saldu zieten ismaeldarrei. Hauek Egiptora eraman zuten.

29 Rubenek, putzura itzuli zenean, ez zuen Jose barruan aurkitu. Orduan, soinekoak urratu

30 eta, anaiengana itzulirik, esan zien: «Ez dago mutikoaren arrastorik! Zer egin behar dut nik orain?»

Jose hildakotzat emana

31 Orduan, aker bat hil eta Joseren jantzia harturik, akerraren odoletan busti zuten.

32 Gero, aitari bidali zioten mezu honekin: «Jantzi hau aurkitu dugu; ikus zure semearena den ala ez».

33 Jakobek ikusi eta esan zuen: «Nire semearena da. Basapiztiaren batek txikitu eta irentsi dit».

34 Jakobek bere jantziak urratu zituen. Gero, doluz jantzirik, egunetan egin zuen negar bere semearengatik.

35 Seme-alaba guztiek kontsolatu nahian jardun arren, berak ez zuen nahi izan. Honela zioen: «Ez! Doluminez jaitsiko naiz Hildakoen Egoitzara, nire semearengana». Eta negarrari ematen zion.

36 Bien bitartean, Egiptora iritsi ondoren, madiandarrek faraoiaren funtzionario eta guardiaburu zen Potifarri saldu zioten Jose.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50