1 Garai hartan, Juda bere anaiengandik aldendu eta Hira izeneko Adulamgo gizon baten etxera joan zen bizitzera.
2 Han, Xua deituriko kanaandar baten alaba ezagutu zuen. Judak emaztetzat hartu eta elkarrekin bizi izan ziren.
3 Haurdun gelditu zen emakumea eta semea izan zuen. Judak Er eman zion izen.
4 Berriro ere haurdun gelditu eta emazteak beste seme bat izan zuen, eta Onan eman zion izen.
5 Izan zuen beste seme bat ere eta Xela eman zion izen. Hau sortu zuenean, Keziben zegoen Juda.
6 Bere lehen-seme Er, Tamar izeneko emakume batekin ezkondu zuen Judak.
7 Baina Errek, Judaren lehen-semeak, oker jokatu zuen Jainkoaren begi aurrean, eta hilarazi egin zuen Jaunak.
8 Orduan, Judak esan zion Onani: «Ezkon zaitez zeure anaiaren emaztearekin, eta bete koinatuari dagokion eginbidea, anaiari ondorengoa emateko».
9 Baina bazekien Onanek semea ez zuela berea izango. Horregatik, koinatarekin etzaten zen bakoitzean, lurrera isurtzen zuen hazia, bere anaiari ondorengorik ez emateko.
10 Jaunak ez zuen atsegin izan hark egiten zuena, eta hilarazi egin zuen hura ere.
11 Ondoren, Judak Tamar bere errainari esan zion: «Itzuli aitaren etxera eta bizi han alargun gisa nire seme Xela handi egin arte».Beste anaiak bezala hilko zen beldurrez esan zion hau. Tamar, beraz, bere aitaren etxera itzuli zen.
12 Denboraldi luze baten ondoren, hil zen Judaren emaztea, Xuaren alaba. Dolualdia bukatu zuenean, Timnara igo zen Juda ardi-moztera Adulamgo bere adiskide Hirarekin.
13 Tamarri esan zioten aitaginarreba ardi-moztera zihoala Timnara.
14 Orduan, Tamar, alargun-soinekoak erantzi eta, inork ez antzemateko bere burua zapiz estalirik, Timna bidean dagoen Enaim hiriko sarreran jarri zen. Izan ere, Xela handi egin zela ikusten zuen, baina ez ziotela senartzat ematen.
15 Judak ikusi eta emagaldutzat hartu zuen, estalia baitzuen aurpegia.
16 Ez zen ohartu bere erraina zela. Hala, hurbildu eta esan zion:—Uztazu zurekin oheratzen.Hark galdetu zion:—Zer emango didazu ordainetan?
17 Judak erantzun:—Artaldeko antxume bat bidaliko dizut.Tamarrek, orduan:—Baina beste zerbait utzi beharko didazu bahituran, antxumea bidali bitartean.
18 Judak erantzun:—Zer uztea nahi duzu?Eta Tamarrek:—Zeure zigilua bere lokarriarekin, eta eskuan daramazun makila.Eman zizkion Judak, elkartu eta haurdun utzi zuen.
19 Orduan, alde egin zuen Tamarrek. Estaltzen zuen zapia kendu eta alargun-soinekoak jantzi zituen berriro.
20 Gerora, antxumea igorri zuen Judak Adulamgo adiskidearen bidez, emakumeagandik bahitura jasotzeko, baina ez zuen aurkitu.
21 Adiskideak bertako jendeari galdegin zion:—Non da Enaimen, bide-bazterrean, egon ohi zen emagaldua?Haiek erantzun zioten:—Hemen ez da inoiz emagaldurik egon.
22 Judarengana itzuli eta esan zion:—Ez dut aurkitu; gainera, bertako jendeak dioenez, han ez da inoiz emagaldurik izan.
23 Orduan, Judak esan zuen:—Ba, jaso ditzala beretzat; ez gaitu barregarri utziko. Dena den, bidali diot antxumea eta ez duzu aurkitu.
24 Handik hiru hilabetera, berri hau eman zioten Judari:—Tamar, zure erraina, emagaldu bihurtu da eta, horren ondorioz, haurdun dago.Judak esan zuen:—Kanpora atera eta erre dezatela.
25 Kanpora zeramatela, Tamarrek bere aitaginarrebari mandatu hau bidali zion: «Gauza hauen jabe denarengandik nago haurdun. Ikus norenak diren zigilua, honen lokarria eta makila».
26 Ikusi zituenean, Judak esan zuen:—Berak du arrazoia; okerra nirea da, ez baitiot neure seme Xelari emaztetzat eman.Orduz gero, ez zuen harremanik izan bere errainarekin.
27 Erditze-garaia iritsi zitzaionean, Tamarrek bikiak zituen bere erraietan.
28 Erditzerakoan, bikietariko batek eskua atera zuen; emaginak heldu eta hari gorri bat lotu zion, esanez: «Hau da lehenbizi atera dena».
29 Baina hark eskua atzeratu eta anaia irten zen lehenago. Emaginak esan zuen: «Hik bai duala urratu irtenbidea!»Horregatik, Peretz, «Urradura», eman zioten izena.
30 Ondoren, anaia irten zen, hari gorria eskuan zuela. Eta Zerah eman zioten izena.