Hasiera 33 EAB

Jakobek Esaurekin topo egin

1 Jakobek, begiak jasorik, Esau ikusi zuen laurehun gizonekin etortzen. Orduan, Lea, Rakel eta hauen bi neskameen artean banatu zituen seme-alabak.

2 Aurrean neskameak jarri zituen beren semeekin, gero Lea bere seme-alabekin; azkenik, Rakel eta Jose.

3 Aurretik joan zen bera, eta zazpi aldiz ahuspeztu zen lurrean bere anaiarengana hurbildu ahala.

4 Lasterka bideratuz, Esauk, besarkatu eta lepotik heldurik, laztandu egin zuen Jakob, eta negarrari eman zioten biek.

5 Esauk, Jakoben emazte eta seme-alabak ikusi zituelarik, galdegin zion:—Zein dituzu horiek?Jakobek erantzun:—Jainkoak zure zerbitzari honi eman dizkion seme-alabak.

6 Orduan, beren semeekin hurbildurik, neskameak ahuspeztu egin zitzaizkion.

7 Lea ere hurbildu zen bere seme-alabekin, eta ahuspeztu. Azkenik, Jose eta Rakel, hurbilduz, ahuspeztu egin ziren.

8 Esauk galdegin zion:—Zertarako dira ikusi ditudan abere-talde horiek guztiak?Jakobek erantzun:—Zure abegi ona nahi nuen irabazi.

9 Esauk, orduan:—Neurearekin nahikoa dut, anaia; zurea zeuretzat.

10 Eta Jakobek:—Ez, otoi; begiko banauzu, hartzazu nire esku-erakutsia, zu ikustea Jainkoa bera ikustea bezain pozgarri gertatu baitzait eta hain ongi hartu bainauzu.

11 Onartu, bada, ekarri dizudan oparia, Jainkoa aldeko izan baitut, eta ez zait ezer falta.Hainbeste erregutu zionez, onartu egin zion Esauk.

12 Honek esan zion:—Goazen; zure ondoan joango naiz.

13 Baina Jakobek erantzun zion:—Badakizu ondo, jauna, haurrak ahulak direla, eta errapeko bildots eta axuriak ere baditut. Egun bakar batez behartzea aski litzateke, abere txiki guztiak hiltzeko.

14 Bihoa ene jauna bere zerbitzari honen aurretik, eta nik poliki-poliki egingo dut bidea, aurrean doazen abereen eta haurren martxan, Seirrera, ene jaunarengana, iritsi arte.

15 Esauk esan zion:—Neure gizon batzuk behintzat utziko dizkizut.Jakobek erantzun:—Zertarako? Aski dut, jauna, egin didazun abegi ona.

16 Hala, egun hartan, Esau Seirrera itzuli zen.

17 Jakob, berriz, Sukot aldera joan zen. Han etxea eraiki zuen beretzat, eta oihal-etxolak abere-taldeentzat. Horra zergatik eman zitzaion leku hari Sukot —hau da, «Etxoleta»— izena.

Jakob Kanaanen

18 Mesopotamiatik heldu zelarik, Jakob Kanaan lurraldean dagoen Sikem hirira onik iritsi zen, eta hiri ondoan ezarri zuen kanpalekua.

19 Hau ezarri zueneko lursaila Sikemgo buruzagi zen Hamorren semeei erosi zien, zilarrezko ehun txanpon ordainduz.

20 Han aldarea eraiki zuen eta El-i, Israelen Jainkoari, sagaratu zion.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50