Hasiera 15 EAB

Jaunaren agintzaria Abrahami

1 Gertakizun hauen ondoren, Jauna ikuskari batean mintzatu zitzaion Abrami, esanez:—Ez izan beldur, Abram! Zure babesle nauzu, eta sari bikaina emango dizut.

2 Abramek, ordea, erantzun zion:—Jauna, ene Jainkoa, zer eman diezadakezu, baldin semerik gabe banoa mundutik, eta nire etxaldearen oinordeko Eliezer damaskoarra izango bada?

3 Hara —erantsi zuen Abramek—, semerik ez didazu eman eta neure etxeko morroia izango dut oinordeko!

4 Jaunak esan zion:—Ez horixe! Morroia ez, baizik eta zeuregandik jaioko dena izango duzu oinordeko.

5 Ondoren, kanpora aterarazi eta esan zion: «Begira zerura eta zenbatu izarrak, ahal baduzu. Horiek bezainbat izango dira zure ondorengoak».

6 Abramek sinetsi egin zuen Jaunarengan eta, honengatik, Jaunak zuzenetsi egin zuen.

7 Jaunak esan zion Abrami:—Ni Jauna naiz. Nik irtenarazi zintudan kaldearren Ur hiritik lurralde hau zuri emateko.

8 —Jauna, ene Jainkoa —erantzun zion Abramek—, nola jakin nezake lurralde hau neurea izango dudala?

9 Jaunak esan zion:—Ekarri txahal bat, ahuntz bat eta ahari bat, hiruna urtekoak, usapal bat eta usakume bat.

10 Abere guztiok eskuratuz, Abramek erdibi egin zituen, eta puskak bata bestearen aurrez aurre ipini; hegaztiak ez zituen erdibitu.

11 Hegazti harrapariak abere hildakoen gainera etorri ziren, baina Abramek uxatu egin zituen.

12 Eguzkia sartzean, lozorroan murgildu zen Abram. Izua eta larria nagusitu zitzaizkion.

13 Orduan, Jaunak esan zion: «Jakizu zure ondorengoak atzerritar gisa biziko direla berena ez duten lurraldean. Esklabo bihurtuko dituzte eta zapaldurik edukiko laurehun urtez.

14 Alabaina, zigortu eginen dut esklabo bihurtuko dituen herria; ondoren, aberastasunez beterik irtenaraziko ditut.

15-16 Laugarren belaunaldian itzuliko dira hona, ez baita ordu arte bere betera helduko amortarren gaiztakeria. Zu, berriz, zahartzaro zoriontsua izan ondoren, zeure arbasoekin elkartuko zara bakean».

17 Eguzkia sartu eta iluna egin zenean, labe bat ketan eta zuzi bat sutan igaro ziren hildako abereen artetik.

18 Egun hartan, Jaunak agintzari hau egin zion Abrami: «Lurralde hau zure ondorengoei ematen diet, Egiptoko ibaitik hasi eta Eufrates ibai handiraino:

19 orain kendarrak, keniztarrak, kadmondarrak,

20 hititak, periztarrak, refatarrak,

21 amortarrak, kanaandarrak, girgaxtarrak eta jebustarrak bizi direneko lurraldea, alegia».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50