Hasiera 25 EAB

Abrahamen beste ondorengo batzuk

1 Abraham berriro ezkondu zen Ketura izeneko emakume batekin.

2 Honek seme hauek eman zizkion: Zimran, Jokxan, Medan, Madian, Ixbak eta Xuah.

3 Jokxanek, bere aldetik, Xeba eta Dedan sortu zituen. Dedanen ondorengoak hauek izan ziren: axurtarrak, letuxtarrak eta leumdarrak.

4 Eta Madianen semeak Efa, Efer, Henok, Abida eta Eldaa. Hauek guztiak Keturaren ondorengoak dira.

5 Zeukan guztia Isaaki utzi zion Abrahamek.

6 Beste ohaideen semeei opariak eman zizkien, eta Isaakengandik urruti bidali zituen ekialderantz, bera oraindik bizi zela.

Abrahamen heriotza

7 Ehun eta hirurogeita hamabost urtez bizi izan zen Abraham.

8 Zahartzaro luze eta betearen ondoren hil zen eta bere arbasoekin elkartu.

9 Bere seme Isaak eta Ismaelek ehortzi zuten Makpelako harpean, Tzohar hititaren seme Efronen soroan, Mambreren aurrez aurre.

10 Abrahamek hititei erositako soroan ehortzi zituzten Abraham eta honen emazte Sara.

11 Abraham hil ondoren, Jainkoak bedeinkatu egin zuen haren seme Isaak; hau Lahai-Roiko ur-putzuaren ondoan bizi zen.

Ismaelen ondorengoak

12 Hona hemen Abrahamen seme Ismaelen ondorengoak —Ismael Sararen mirabe egiptoarrak sortu zion Abrahami—.

13 Hauek dira Ismaelen semeen izenak: Nebaiot lehen-semea; ondoren, Kedar, Adbeel, Mibsam,

14 Mixma, Duma, Masa,

15 Hadad, Tema, Jetur, Nafix eta Kedma.

16 Horiek dira Ismaelen semeen izenak; hamabi buruzagi beste hainbeste leinurentzat; izen horiek eman zitzaizkien haien bizileku eta kanpalekuei ere.

17 Ehun eta hogeita hamazazpi urtez bizi izan zen Ismael. Gero, azken arnasa emanez, hil egin zen eta bere arbasoekin elkartu.

18 Haren ondorengoak Habila eta Xur-en artean dagoen eskualdean, Egiptoren mugan, Axur bidean, jarri ziren bizitzen, beren anaien aurrez aurre.

Jakob (25,19—36,43)

Esau eta Jakob

19 Hona hemen Abrahamen seme Isaaken historia.Abrahamek Isaak sortu zuen.

20 Isaakek berrogei urte zituen, Betuelen alaba eta Labanen arreba zen Rebekarekin ezkondu zenean. Betuel eta Laban Mesopotamiako aramearrak ziren.

21 Rebeka emaztea agorra zela eta, haren alde erregutu zion Isaakek Jainkoari. Jaunak erregua aditu eta haurdun gelditu zen Rebeka.

22 Bi ume ari zitzaizkion sabelean elkarren lehian. Rebekak zioen berekiko: «Zergatik gertatu zait gero niri horrelakorik?» Jaunarengana jo zuen argitasun eske,

23 eta Jaunak erantzun:«Bi nazio dituzu sabelean,bi herri aterako zaizkizu erraietatik:bata besteari nagusituko zaio,zaharrena gazteenaren morroiizango da».

24 Erditzerakoan bikiak izan zituen.

25 Lehenengo atera zena ilegorria zen, abere-larrua bezain iletsua: Esau eman zioten izena.

26 Berehala anaia irten zen, bere eskuaz anaiaren orpoari helduta. Honengatik, Jakob eman zioten izena. Hirurogei urte zituen Isaakek Rebekak bikiak izan zituenean.

27 Haurrak handi egin ziren. Esau ehiztari trebe bihurtu zen eta oihan-gizon. Jakob, ostera, gizon patxadatsua zen eta etxekoia.

28 Isaakek maiteago zuen Esau, gogoko baitzuen ehiza-jana; Rebekak, aldiz, Jakob zuen maiteago.

Esauk bere lehen-semetzaren eskubidea saldu

29 Behin batean, Jakob lapikokoa egosten ari zela, iritsi zen Esau oihanetik, oso nekatua,

30 eta esan zion anaiari:—Emadak lapikoko gorri horretatik, leher egina nator eta. (Honegatik, Edom —hau da, «Gorri»— izena ezarri zitzaion).

31 Jakobek esan zion:—Heure lehen-semetzaren eskubidearen truke emango diat.

32 Esauk erantzun:—Goseak hiltzear egonik, zertarako diat lehen-semetzaren eskubidea?

33 Eta Jakobek:—Zin egidak.Zin egin zion Esauk, lehen-semetzaren eskubidea salduz.

34 Orduan, eman zizkion Jakobek anaiari ogia eta platerkada dilista. Hark jan, edan, mahaitik altxa eta alde egin zuen. Honela gutxietsi zuen Esauk bere lehen-semetzaren eskubidea.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50