Hasiera 46 EAB

Jakob Egiptora

1 Zeukan guztiarekin abiatu zen Jakob. Beer-Xebara heldurik, sakrifizioa egin zion bere aita Isaaken Jainkoari.

2 Gau-ikuskari batean, Jainkoak dei egin zion Jakobi:—Jakob! Jakob!Jakobek erantzun:—Hemen nauzu.

3 Jaunak esan zion:—Jainkoa naiz ni, zure aitaren Jainkoa. Ez beldur izan Egiptora joateko, han herri handi bihurtuko baitzaitut.

4 Egiptora bidean zurekin izango nauzu eta neuk itzularaziko zaitut berriro. Eta hiltzean, Josek itxiko dizkizu begiak.

5 Beer-Xebatik abiatzean, Jakoben semeek faraoiak bidalitako gurdietara igoarazi zituzten aita, haurrak eta emazteak.

6 Beren abereak eta Kanaan lurraldean pilatutako ondasunak ere eraman zituzten.

7 Bere seme-alabak eta bilobak, bere ondare guztia, eraman zituen Jakobek Egiptora.

Jakoben familia

8 Hona Egiptora joan ziren Jakoben ondorengoak: Ruben, Jakoben lehen-semea,

9 eta beronen semeok: Henok, Palu, Hetzron eta Karmi.

10 Simeon eta beronen semeok: Jemuel, Jamin, Ohad, Jakin, Tzohar eta Xaul, emakume kanaandarraren semea.

11 Lebi eta beronen semeok: Gerxon, Kehat eta Merari.

12 Juda eta beronen semeok: Er, Onan, Xela, Peretz eta Zerah. Baina Er eta Onan Kanaan lurraldean hil ziren. Peretzen semeak Hetzron eta Hamul izan ziren.

13 Isakar eta beronen semeok: Tola, Puba, Job eta Ximron.

14 Zabulon eta beronen semeok: Sered, Elon eta Jahleel.

15 Horiek dira Leak Jakobi Mesopotamian sortu zizkion semeak, Dina bere alabaz gainera; hogeita hamahiru guztira, seme-alaba eta biloben artean.

16 Gad eta beronen semeok: Tzifion, Hagi, Xuni, Etzbon, Eri, Arodi eta Areli.

17 Axer eta beronen semeok: Imna, Ixba, Ixbi, Beria eta hauen arreba Serah. Beriaren semeak Heber eta Malkiel izan ziren.

18 Horiek dira, Labanek bere alaba Leari eman zion Zilpa neskameak Jakobi sortu zizkion semeak; hamasei guztira, seme eta biloben artean.

19 Jakoben emazte Rakelen semeak: Jose eta Benjamin.

20 Joseri, Egipto lurraldean, On hiriko apaiz Poti-Feraren alaba Asenatek bi seme sortu zizkion: Manases eta Efraim.

21 Benjaminen semeak Bela, Beker, Axbel, Gera, Naaman, Ehi, Rox, Mupim, Hupim eta Ard izan ziren.

22 Horiek dira Rakelek Jakobi sortu zizkion semeak; hamalau guztira, seme eta biloben artean.

23 Dan eta beronen semea: Huxim.

24 Neftali eta beronen semeok: Jahtzeel, Guni, Jetzer eta Xilem.

25 Horiek dira, Labanek Rakel bere alabari eman zion Bilha neskameak Jakobi sortu zizkion semeak; zazpi guztira, seme eta biloben artean.

26 Beraz, Jakobekin Egiptora joandako guztiak, beraren jatorrikoak, errainak kontuan hartu gabe, hirurogeita sei izan ziren.

27 Joseren bi semeak Egipton jaioak zirenez, Egiptora joandako Jakoben ondorengoak hirurogeita hamar izan ziren guztira.

Jakoben familia Egipton

28 Jakobek Juda bere semea bidali zuen aurretik Joserengana, Goxen eskualdean lekua prestatzeko. Hara iritsi zirenean,

29 Jose, bere zalgurdia prestarazi eta bere aita Jakobi bidera atera zitzaion. Honen aurrean aurkitzean, lepotik heldu eta besarkaturik, negarrari eman zion.

30 Jakobek esan zion Joseri: «Orain bai hil naitekeela zure aurpegia ikusi ondoren, oraindik bizirik zaude eta».

31 Josek esan zien bere senide eta etxekoei: «Berri ematera noakio faraoiari. Hau esango diot: “Kanaanen bizi ziren nire senide eta ahaideak etorri zaizkit.

32 Gizon horiek, artzain eta abeltzain direnez, beren ardi, behi eta zeukaten guztia ekarri dute”.

33 Beraz, faraoiak deitu eta zein lanbide duzuen galdetuko dizuenean,

34 erantzun honela: “Abeltzain gaituzu zure zerbitzariok gaztetandik, bai gu eta bai gure gurasoak”. Horrela, Goxen eskualdean bizi izaten utziko dizue. Izan ere, erlijio-ohiturek galarazi egiten diete egiptoarrei artzainekin harremanak izatea».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50