Hasiera 7 EAB

Noe ontzian sartu

1 Jaunak esan zion Noeri: «Sar zaitez ontzian zeure etxeko guztiekin, zu beste gizon zuzenik ez baitut ikusi zure garaikideen artean.

2 Har itzazu zeurekin zazpina bikote, ar-emeak, legez kutsatu gabeko diren abereen artetik, eta bikote bana, ar-emeak, kutsatuak direnen artetik.

3 Zeruko hegaztietatik ere zazpina bikote, ar-emeak, hauen arrazak munduan iraun dezan.

4 Zazpi egunen buruan euria bidaliko dut lurrera berrogei egun eta berrogei gauez, egin dudan izaki oro suntsitzeko».

5 Noek Jaunak agindu guztia egin zuen.

6 Seiehun urte zituen uholdea gertatu zenean.

7 Uholdea hasi baino lehen, ontzian sartu zen bere emazte, seme eta errainekin batera.

8 Abere kutsatu gabe eta kutsatu, hegazti eta lurrean narraska dabiltzan guztietatik,

9 bikote bana sartu zen ontzian Noerekin batera, Jainkoak agindu bezala.

10 Zazpi egunen buruan uholdea hasi zen.

Uholdea

11 Noeren bizitzako seiehungarren urtean, bigarren hilaren hamazazpian, lur azpiko itsasoaren iturri guztiak lehertu ziren eta zeruko atexkak ireki.

12 Euri-jasa izan zen berrogei egun eta berrogei gauez.

13 Egun hartan bertan sartu zen Noe ontzian bere seme Sem, Kam eta Jafetekin, bere emazte eta errainekin.

14 Sartu ziren, baita ere, mota guztietako abere eta piztiak, lurreko narrasti eta hegaztiak.

15 Bizidun guztiak binaka sartu ziren ontzian Noerekin batera,

16 mota bakoitzetik arra eta emea, Jainkoak Noeri agindu bezala. Gero, Jaunak ontziko atea itxi zuen.

17 Berrogei egunez iraun zuen uholdeak. Gora egin zuten urek eta ontzia lurretik jaso zuten.

18 Urak gero eta handiago eta indartsuago ziren, eta ontzia ur gainean zebilen.

19 Hain uholde handia izan zen, ezen zerupeko mendi-gailurrik garaienak ere estali baitzituen.

20 Eta oraindik ere zazpi metro gorago igo ziren urak.

21 Bizidun guztiak hil ziren: narrastiak, hegaztiak, abereak eta piztiak, eta lurrazalean mugitzen den oro, eta gizaki guztiak.

22 Lehorrean bizi-arnasa zuen oro hil zen.

23 Munduko izaki guztiak, bada, suntsitu ziren: gizakietatik hasi eta abere, narrasti eta zeruko hegazti guztietaraino. Ez zen gelditu Noe eta beronekin ontzian zirenak besterik.

24 Ehun eta berrogeita hamar egunez iraun zuen uholdeak.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50