Hasiera 48 EAB

Jakobek Joseren semeak bedeinkatu

1 Handik aldi batera, esan zioten Joseri aita gaixo zuela. Jose bere bi semeekin, Manases eta Efraimekin, joan zitzaion.

2 Jakob, Jose zetorkiola esan ziotenean, ahalegin handiz ohe gainean eseri zen.

3 Jakobek esan zion Joseri: «Luz-en, Kanaan lurraldean, agertu zitzaidan Jainko ahaltsua eta bedeinkatu egin ninduen,

4 esanez: “Ondorengo ugari emango dizut eta herri askoren sortzaile bihurtuko zaitut. Zure ondorengoei lurralde honen jabetza emango diet betiko”.

5 Orain semetzat hartzen ditut, ni Egiptora etorri aurretik, hemen sortu zaizkizun Manases eta Efraim bi semeak, Ruben eta Simeon nire seme diren bezala.

6 Hauen ondoren izango dituzunak, berriz, zureak izango dira, eta Efraimi eta Manasesi utziko diedan ondarean izango dute parte.

7 Mesopotamiatik nentorrela hil zitzaidan Rakel, zure ama, Kanaan lurraldean, Efratara iritsi aurretik, eta han, Efratara, hots, Belenera, bidean ehortzi nuen».

8 Joseren semeak ikustean, Jakobek galdetu zuen:—Zein dira hauek?

9 Josek erantzun:—Jainkoak Egipton eman dizkidan semeak dituzu.Jakobek esan zuen:—Ekarzkidazu, arren, bedeinkatzeko.

10 Jakobek, zahardadez begiak lausoturik, ezin zuen ikusi. Josek bere semeak aurrera eraman zizkionean, laztandu eta besarkatu egin zituen.

11 Gero, Joseri esan zion:—Ez nuen espero zure aurpegia berriro ikustea, eta hara, zu ez ezik, zure ondorengoak ere ikusarazi dizkit Jainkoak.

12 Orduan, Jose, bere semeak aitaren belaun artetik atera eta lurreraino makurtu zitzaion.

13 Gero, bere bi semeak harturik, hurbildu egin zizkion: Efraim bere eskuinean, Jakoben ezkerraldetik, eta Manases bere ezkerrean, Jakoben eskuinaldetik, jarri zituen.

14 Jakobek bere eskuak luzatu eta eskuina Efraim seme gazteenaren buru gainean ezarri zuen eta ezkerra Manases lehen-semearen buru gainean, eskuak gurutzatuz.

15 Eta honela bedeinkatu zuen Jose:«Nire guraso Abrahamek eta Isaakekzerbitzatu duten Jainkoak,jaio nintzenetik gaurdainoartzain gisa gidatu nauen Jainkoak,

16 gaitz guztietatiklibratu nauen aingeruak,bedeinka ditzala mutiko hauek!Hauen bitartez oroituak biteznire izenaeta Abraham eta Isaaknire gurasoen izenak.Izan bezate munduanondorengo ugari».

17 Ohartu zen Jose aitak bere eskuineko eskua Efraimen buru gainean ezarria zuela, eta ez zion ongi iritzi. Hartu zion, bada, eskua Efraimen buru gainetik Manasesen gainera aldatzeko,

18 esanez:—Hau ez, aita; bestea da lehen-semea; ezarri eskuina horren buru gainean.

19 Baina aitak, ezezkoa emanez, esan zion:—Badakit, bai, seme. Manasesen ondorengoak ere herri handi izanen dira; baina anaia gazteena handiagoa izanen da, eta honen ondorengoek herri asko sortuko dituzte.

20 Egun hartan, hain zuzen, bedeinkatu zituen Jakobek, esanez:«Zuen izena aipatuko daIsraelen norbait bedeinkatzean.Honela esango dute:Egin dezala Jainkoak zurekinEfraim eta Manasesekin egindakoa».Efraim jarri zuen, beraz, Manasesen aurretik.

21 Gero, Jakobek Joseri esan zion: «Hara, laster hilko naiz ni. Baina Jainkoa zeuekin izango duzue eta zeuen arbasoen lurraldera itzularaziko zaituzte.

22 Zure ondarea zure anaiena baino hobea izango da: Sikem emango dizut, ezpataz eta uztaiaz amortarrei kendu nien hiria».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50