14 Orduan, Abimelekek itzuli egin zion Abrahami emaztea. Era berean, ardiak, behiak eta morroi-mirabeak eman zizkion oparitzat,
15 eta esan zion:—Hor duzu zeure aurrean nire lurralde guztia. Geldi zaitez bizitzen gogokoen duzun lekuan.
16 Sarari, berriz, esan zion:—Adizu, zure nebari zilarrezko mila txanpon eman dizkiot. Opari honek egiaztatzen die zuretarrei eta denei errugabea zarela; honela, denek jakingo dute ez duzula inolako okerrik egin.
17 Abrahamek Jainkoari otoitz egin eta Jainkoak sendatu egin zituen Abimelek, honen emaztea eta mirabeak, berriro seme-alabak izan ahal zitzaten.
18 Izan ere, Jaunak agor bihurtuak zituen Abimeleken etxekoak, Sara Abrahamen emaztea zela eta.