4 Jakobek mezulariak bidali zizkion, bere aurretik, Esau bere anaiari, Seir lurraldera, Edomgo landetara.
5 Agindu hau eman zien: «Hona nola hitz egingo diozuen Esau ene anaiari: Honela mintzo da Jakob zure zerbitzaria: Labanekin egona nauzu eta orain arte luzatu naiz.
6 Baditut behi eta astoak, artaldeak, morroi eta mirabeak. Mezulariak bidaltzen dizkizut ene jaun horri, honen guztiaren berri ematera, onez hartuko nauzulakoan».
7 Itzuli zitzaizkion mezulariak Jakobi, esanez: «Esau zure anaiarekin egon gara. Bera ere bidera datorkizu laurehun gizonekin».
8 Jakob biziki beldurtu zen eta larritu. Berekin zuen jendea, abere txiki eta handiak eta gameluak bi kanpamendutan banatu zituen,
9 bere baitarako baitzioen: «Esau kanpamendu batera etorri eta erasotzen badit, beste kanpalekukoek ihes egin ahal izango dute».
10 Gero, Jakobek otoitz hau egin zuen: «Jauna, gure guraso Abrahamen eta Isaaken Jainkoa, zuk esan didazu: “Itzul zaitez zeure lurraldera eta zeure ahaideengana, eta bedeinkatuko zaitut”.