15 honela egin zion otoitz:
16 «Jaun ahalguztiduna, Israelen Jainkoa, hegaldun izakien arteko tronuan eseria zauden hori, zu zara munduko erreinu guztien Jainko bakarra. Zuk eginak dira zeru-lurrak.
17 Itzul belarria niregana, Jauna, eta entzun. Zabal begiak, Jauna, eta ikusi. Entzun nolako irainak zuzendu dizkizun Senakeribek zuri, Jainko bizi horri.
18 Egia da, bai, Jauna, Asiriako erregeek birrindu egin dituztela herriak eta berauen lurraldeak,
19 eta suari eman dizkiotela berauen jainkoak; ez baitziren jainko, zurezko nahiz harrizko irudi hutsak baizik, giza eskuek eginak. Horregatik xehatu ahal izan dituzte.
20 Zuk, ordea, Jauna, gure Jainko horrek, salba gaitzazu Senakeriben eskuetatik. Horrela, lurreko erreinu guztiek jakingo dute, Jauna, zu bakarrik zarela Jainko».
21 Amotzen seme Isaiasek honako mezu hau bidali zion Ezekiasi: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Aditu dut Asiriako errege Senakerib dela-eta egin didazun otoitza.