Zenbakiak
Kapituluak 10
Elizen Arteko Biblia
Seinaleak emateko bi turutak
1Jaunak esan zion Moisesi:
2«Egin zilar landuzko bi turuta: elkartea biltzeko eta kanpalekua utzi eta abiatzeko seinalea emateko izango dira.
3Bi turutak batera jotzean, herri osoa zuregana bilduko da, elkarketa-etxolaren sarreran.
4Bat bakarra jotzean, Israelgo gudari-taldeen buruak bakarrik bilduko dira zuregana.
5Turuta-hotsa irrintziz lagundua bada, lehenengo joaldian ekialdean etxolaturiko kanpamenduak abiatuko dira;
6bigarrenean, hegoaldean etxolaturikoak. Irrintziz lagunduriko turuta-hotsa abiatzeko seinalea izango da;
7irrintzi gabekoa, berriz, batzarrean biltzekoa.
8Apaizek, Aaronen ondorengoek, izango dute turuta jotzeko kargua; betiko lege izango duzue hau belaunez belaun.
9«Zeuen lurraldera iritsi ondoren erasoko dizueten etsaien kontra borrokatzera ateratzean, irrintziekin batera turutak joko dituzue. Horrela, Jauna, zuen Jainkoa, zuetaz oroituko da eta salbatu egingo zaituzte.
10Jo turuta zeuen jaietan ere, festa nagusietan eta ilberri-jaietan, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaintzean. Horrela, zuen Jainkoa zuetaz oroituko da. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa».
SINAITIK MOAB LURRALDEKO MUGETARA (10,11—21,35)
Israel herria bidean
11Bigarren urteko bigarren hilaren hogeian, lainoa egoitzaren gainetik aldendu egin zen,
12eta israeldarrak abiatu egin ziren Sinai basamortutik. Lainoa Paran basamortuan gelditu zen.
13Lehen aldia zen Jaunak Moisesen bidez agindutako eran abiatzen zirena.
14Lehenbizi judatarren banderapeko kanpamendua abiatu zen bere gudari-taldeekin. Judatarren gudarostea Aminadaben seme Nahxonen agindupean zihoan,
15isakartarren leinukoa Tzuarren seme Netanelen agindupean
16eta zabulondarren leinukoa Helonen seme Eliaben agindupean.
17Bitartean, egoitza jaso eta gerxondarrak eta meraritarrak abiatu egin ziren, hura eramanez.
18Ondoren, rubendarren banderapeko kanpamendua abiatu zen bere gudari-taldeekin. Rubendarren gudarostea Xedeurren seme Elitzurren agindupean zihoan,
19simeondarren leinukoa Tzurixadairen seme Xelumielen agindupean
20eta gadtarren leinukoa Deuelen seme Eliasafen agindupean.
21Berehala kehatarrak abiatu ziren, gauza sakratuak eramanez; haiek iristerako, beste lebitarrek berreraikia zuten egoitza.
22Ondoren, efraimdarren banderapeko kanpamendua abiatu zen bere gudari-taldeekin. Efraimdarren gudarostea Amihuden seme Elixamaren agindupean zihoan,
23manasestarren leinukoa Pedahtzurren seme Gamelielen agindupean
24eta benjamindarren leinukoa Gideoniren seme Abidanen agindupean.
25Azkenik, kanpamendu guztien atzeguardian dandarren banderapeko kanpamendua abiatu zen bere gudari-taldeekin. Dandarren gudarostea Amixadairen seme Ahiezerren agindupean zihoan,
26axertarren leinukoa Okranen seme Pagielen agindupean
27eta neftalitarren leinukoa Enanen seme Ahiraren agindupean.
28Segida horretan abiatu ziren israeldarrak, gudarostetan banaturik.
Moisesek biderako gidaria ezarri
29Moisesek esan zion Hobabi, bere aitaginarreba Reuel madiandarraren semeari:—Gu bagoaz Jaunak agindutako lurraldera. Zatoz gurekin eta Jaunak Israeli hitzemandako ondasunetan parte emango dizugu.
30Hobabek erantzun zion:—Ez, ez noa. Nahiago dut neure herrialdera itzuli, neure ahaideengana.
31Moisesek, berriro:—Ez gaitzazu utz! Zuk ongi ezagutzen dituzu basamortuan etxolatzeko parajeak eta gidari izan zaitzakegu.
32Gurekin bazatoz, Jaunak eman nahi dizkigun ondasunetan partaide izango zara.
33Utzi zuten, bada, Jaunaren mendia eta hiru eguneko bidean joan ziren. Jaunaren itun-kutxa aurretik joan zitzaien hiru egunetan, kanpatu behar zuten tokia jakinarazteko.
34Egunez, abiatu orduko, Jaunaren lainoak estaltzen zituen.
35Kutxa abiatzerakoan, Moisesek zioen:«Jaiki, Jauna,eta sakabana daitezela zure etsaiak,bihoaz ihesi gorroto dizutenak!»
36Kutxa gelditzean, berriz, honela zioen:«Itzuli, Jauna!Kontaezinak diraisraeldar gudari-taldeak!»