Zenbakiak 25 EAB

Israeldarrak idolo-gurtzaile

1 Israeldarrak Xitimen etxolatu ziren. Han emakume moabdarrekin hasi ziren harremanetan;

2 beren jainkoei eskaintzen zizkieten sakrifizioetara gonbidatu zituzten moabdarrek, eta israeldarrek haien otordu sakratuetan parte hartu zuten eta haien jainkoak gurtu;

3 honela, Baal-Peorren kultuetara makurtu zen herria eta Jaunaren haserre-sua piztu zen Israelen aurka.

4 Jaunak esan zion Moisesi: «Bildu herriko buruzagiak eta urka itzazu nire aurrean egun-argitan, nire haserre-sua Israeldik aldentzeko».

5 Moisesek Israelgo gobernariei agindu zien: «Zuetariko bakoitzak hil bitza Baal-Peorren kultuetara makurtu diren bere ardurapeko gizasemeak».

6 Hartan, emakume madiandar bat berekin zekarrela etorri zen israeldar bat senideen artera, Moisesen eta elkarte osoaren begi-bistan, hauek elkarketa-etxolaren sarreran negarrez zeuden bitartean.

7 Hori ikustean, Eleazarren seme Pinhasek, Aaron apaizaren bilobak, elkartearen erditik irten eta, eskuetan lantza harturik,

8 israeldarraren atzetik oihal-etxolaraino joan eta biei lantza sartu zien sabeletik. Orduan, gelditu egin zen israeldarrak hiltzen ari zen izurria;

9 ordurako, 24.000 ziren izurriaz hildakoak.

10 Jaunak esan zion Moisesi:

11 «Eleazarren seme Pinhasek, Aaron apaizaren bilobak, israeldarren aurka neukan haserrea baretu du, berauen Jainko bakar izateagatik dagokidan eskubideaz arduratsu agertu baita. Horregatik, ez ditut israeldarrak suntsitu, jelosiak eraginda.

12 Esaiozu, bada, bake-ituna egiten dudala berarekin:

13 itun horren indarrez betiko ematen diet apaizgoa, bai berari, bai beraren ondorengoei; izan ere, bere Jainkoaren eskubideaz arduratsu agertu da Pinhas, eta israeldarren aldeko barkamen-ohikunea egin du».

14 Emakume madiandarrarekin hil zuten israeldarrak Zimri zuen izena eta Simeonen leinuko familiaburuetakoa zen Saluren semea;

15 emakume madiandarrak, berriz, Kozbi zuen izena eta Madiango Tzur senitarteburuaren alaba zen.

16 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

17 «Eraso madiandarrei eta porroka itzazu,

18 azpikeriaz zirikatu baitzaituztete beraiek ere Peorko auzian, baita Peorkoaren ondorioz izandako izurri-egunean hildako Kozbiren kasuan ere, buruzagi madiandarraren alabarenean».

Israel herriaren bigarren izen-bilketa

19 Izurriaren ondoren,

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36