Zenbakiak 12 EAB

Moises ararteko bakarra

1 Moises emakume etiopiar batekin ezkondua zegoen. Emazte etiopiarra zela eta, Miriam eta Aaronek gaizki-esaka jardun zuten Moisesen aurka.

2 Hau zioten: «Moisesekin bakarrik mintzatu ote da Jauna? Ez al digu, bada, geuri ere hitz egin?» Eta Jaunak aditu egin zuen kexua.

3 Benetan gizon apala zen Moises, munduko gizonik apalena.

4 Bat-batean, esan zien Jaunak Moisesi, Aaroni eta Miriami: «Zoazte hirurok elkarketa-etxolara».Han joan ziren hirurak.

5 Horretan, Jauna jaitsi zen laino-adarrean eta etxolaren sarreran kokatu. Eta Miriami eta Aaroni dei egin zien. Hurbildu zirelarik,

6 Jaunak esan zien: «Entzun esan behar dizuedana:«Zuen arteanprofetarik baldin bada,ikuskaritanematen natzaio ezagutzeraeta ametsetan mintzatzen.

7 Ez, ordea, neure zerbitzari Moisesi:konfiantza osoko gizona dutneure etxean;

8 ahotik ahora hitz egiten diot,aurrez aurre eta ez hitz-erdika.Hark nire irudia ikusten du,Jaun honena.«Nola ausartzen zarete, beraz, Moisesez gaizki-esaka jardutera?»

9 Biziki haserretu zen Jauna haien kontra eta alde egin zuen.

10 Eta lainoa etxolaren gainetik aldentzean, Miriam legenak jota zegoen, elurra bezain zuri. Miriamengana itzulirik, legenak jota ikusi zuen Aaronek,

11 eta esan zion Moisesi:—Arren eskatzen dizut! Ez iezaguzu egotzi burugabeki egin dugun bekatu hau.

12 Ez bedi Miriam amaren sabeletik irten orduko haragia erdi janik duen hilaurraren pareko gerta!

13 Moisesek oihu egin zion Jaunari, esanez:—Arren, Jainko, senda ezazu!

14 Jaunak erantzun zion:—Aitak aurpegira txu egin izan balio, zazpi egunez lotsatan egon beharko zukeen, ezta? Beraz, geldi bedi zazpi egunez kanpalekutik urruti; ondoren, itzuliko da.

15 Horrela, kanpalekutik urruti utzi zuten Miriam zazpi egunez. Herria ez zen abiatu Miriam bildu zitzaien arte.

16 Gero, Hatzerotetik abiatu eta Paran basamortuan etxolatu ziren.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36