Zenbakiak 29 EAB

Poz-irrintzi-egunekoa

1 «Zazpigarren hilaren lehen egunean batzar sakratua izango duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo. Poz-irrintzi-eguna da.

2 Zekor bat, ahari bat eta urtebeteko zazpi arkume —denak akats gabeak— eskainiko dituzue erre-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko ditu.

3 Oliotan oraturiko irina eskainiko duzue labore-oparitzat: zekorrarekin hamabi kilo, ahariarekin zortzi kilo

4 eta arkume bakoitzeko lau kilo.

5 Gainera, aker bat barkamen-oparitarako, zeuen bekatuen barkamen-ohikunea egiteko.

6 Opariok eskainiko dituzue, hilaren hasierako eta eguneroko erre-opariez gain eta beroriei dagozkien labore- eta isur-opariez gain, arautua dagoenez. Jaunak atseginez onartuko ditu bere ohorez erretako opariok.

Barkamen Egun handikoa

7 «Zazpigarren hilaren hamarrean, batzar sakratua izango duzue; barau-eguna izango da eta ez duzue ohiko lan arruntik egingo.

8 Zekor bat, ahari bat eta urtebeteko zazpi arkume —denak akats gabeak— eskainiko dituzue erre-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko ditu.

9 Oliotan oraturiko irina eskainiko duzue labore-oparitzat: zekorrarekin hamabi kilo, ahariarekin zortzi kilo

10 eta arkume bakoitzeko lau kilo.

11 Gainera, aker bat barkamen-oparitarako, Barkamen Egun handiko barkamen-opariaz eta eguneroko erre-opariez gain, berauei dagozkien labore- eta isur-opariekin.

Etxola-jaikoa

12 «Zazpigarren hilaren hamabostean batzar sakratua izango duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo. Zazpi egunez egingo duzue jai Jaunaren ohorez.

13 Hamahiru zekor, bi ahari eta urtebeteko hamalau arkume —denak akats gabeak— eskainiko dituzue erre-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko ditu.

14 Oliotan oraturiko irina eskainiko duzue labore-oparitzat: zekor bakoitzeko hamabi kilo, ahari bakoitzeko zortzi kilo

15 eta arkume bakoitzeko lau kilo.

16 Gainera, aker bat barkamen-oparitarako, eguneroko erre-opari eta berauei dagozkien labore- eta isur-opariekin.

17-34 «Bigarren egunetik zazpigarrenera, eguneroko erre-opari eta berauei dagozkien labore- eta isur-opariez gain, akats gabeko abereak eskainiko dituzue erre-oparitzat, dagozkien labore- eta isur-opariekin, eta aker bat barkamen-oparitarako. Hona erre-oparitzat eskaini beharreko abereak:«Bigarren egunean, hamabi zekor, bi ahari eta urtebeteko hamalau arkume; hirugarren egunean, hamaika zekor, bi ahari eta urtebeteko hamalau arkume; laugarren egunean, hamar zekor, bi ahari eta urtebeteko hamalau arkume; bosgarren egunean, bederatzi zekor, bi ahari eta urtebeteko hamalau arkume; seigarren egunean, zortzi zekor, bi ahari eta urtebeteko hamalau arkume; zazpigarren egunean, zazpi zekor, bi ahari eta urtebeteko hamalau arkume.

35 «Zortzigarren egunean, amaierako batzarra izango duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo.

36 Zekor bat, ahari bat eta urtebeteko zazpi arkume —denak akats gabeak— eskainiko dituzue erre-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko ditu.

37 Oparigai bakoitzari, dagozkion labore- eta isur-opariak erantsiko dizkiozue, arautua dagoenez.

38 Gainera, aker bat barkamen-oparitarako, eguneroko erre-opari eta berauei dagozkien labore- eta isur-opariekin.

39 «Horra hor ezarritako egunetan Jaunari eskainiko dizkiozuen opariak, botoren bat betetzeko nahiz nork bere borondatez eskainitako opariez gain, eta gainerako erre-opari, labore- eta isur-opari nahiz elkartasun-opariez gain».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36