Zenbakiak
Kapituluak 33
Elizen Arteko Biblia
Irteerako etapen zerrenda
1Hona, israeldarrek, Moises eta Aaronen gidaritzapean Egiptotik gudari-taldeka banaturik atera zirenean, egin zituzten bideko etapak.
2Moisesek idatziz jaso zituen Jaunaren agindura egin zuten ibilaldiko abiapuntu eta helmugak. Hona hemen horien zerrenda:
3Ramsestik abiatu ziren lehenengo hilaren hamabostean, Pazko biharamunean; israeldarrak libre irten ziren egiptoarren begi-bistan,
4hauek Jaunak hilarazitako lehen-semeak ehorzten ari zirela —horrela eman zien Jaunak epaia egiptoarren jainkoei—.
5Ramsestik abiaturik, Sukoten kanpatu ziren hurrengo;
6Sukotetik abiatu eta, basamortu-ertzean, Etamen kanpatu ziren;
7Etamdik abiaturik, Baal-Tzefon parean dagoen Pi-Hirotera itzuli ziren eta Migdol aurrean etxolatu;
8Pi-Hirotetik abiaturik, itsasoa zeharkatu eta basamortura iritsi ziren eta, Etam basamortuan hiru eguneko bidea egin ondoren, Maran kanpatu;
9Mara ere utzi eta, Elimera, hamabi iturburu eta hirurogeita hamar palmondo zituen oasira, iritsiz, bertan etxolatu ziren;
10Elimdik Itsaso Gorri ondora joan ziren hurrengo;
11Itsaso Gorritik, Sin basamortura;
12Sin basamortutik, Dofkara,
13eta Dofkatik Aluxera;
14Aluxetik abiaturik, Refidimera iritsi ziren; baina ez zen han urik herriak edateko.
15Refidimdik abiaturik, Sinai basamortura heldu ziren;
16Sinai basamortutik Kibrot-Taabara;
17Kibrot-Taabatik Hatzerotera;
18Hatzerotetik Ritmara;
19Ritmatik Rimon-Peretzera;
20Rimon-Peretzetik Libnara;
21Libnatik Risara;
22Risatik Kehelatara;
23Kehelatatik Xefer mendira;
24Xefer menditik Haradara;
25Haradatik Makhelotera;
26Makhelotetik Tahatera;
27Tahatetik Terahera;
28Terahetik Mitkara;
29Mitkatik Haxmonara;
30Haxmonatik Moserotera;
31Moserotetik Bene-Jaakanera;
32Bene-Jaakanetik Hor-Gidgadera;
33Hor-Gidgadetik Jotbatara;
34Jotbatatik Abronara;
35Abronatik Etzion-Geberrera,
36eta Etzion-Geberretik Tzin basamortura, hau da, Kadexera;
37Kadexetik abiaturik Edom lurraldeko mugan dagoen Hor mendian etxolatu ziren hurrengo.
38Aaron apaiza Hor mendira igo zen Jaunaren aginduz eta bertan hil zen, israeldarrak Egiptotik irten eta berrogei urtera, bosgarren hilaren lehen egunean.
39Ehun eta hogeita hiru urte zituen Aaronek Hor mendian hil zenean.
40Orduan jakin zuen Kanaango Negeven bizi zen Aradeko kanaandar erregeak israeldarren etorreraren berri.
41Israeldarrak, Hor menditik abiaturik, Tzalmonara iritsi ziren;
42Tzalmonatik Punonera;
43Punonetik Obotera;
44Obotetik Moabeko mugaldean dagoen Iie-Abarimera;
45Iie-Abarimdik Dibon-Gadera;
46Dibon-Gadetik Almon-Diblataimera;
47Almon-Diblataimdik Nebo parean dauden Abarim mendietara;
48eta Abarim mendietatik abiaturik, Moabeko lautadara iritsi ziren eta han kanpatu, Jordan ondoan, Jeriko parean.
49Moabeko lautadan, Jordan ondoan etxolatu ziren, Bet-Jeximotetik Abel-Xitim bitartean.
Kanaan lurraldea banatzeko Jaunaren agindua
50Jaunak esan zion Moisesi Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean:
51«Esan israeldarrei: Jordan igaro eta Kanaan lurraldean sartzean,
52bota egingo dituzue hango biztanleak, beraien harrizko eta metal urtuzko idoloak desegin eta kultu-leku guztiak suntsitu.
53Lurraldearen jabe egingo zarete eta bertan biziko, zeuei eman baitizuet haren jabe izan zaitezten.
54Zozketaz banatuko duzue lurraldea leinu eta senitarteen artean: senitartea ugaria bada, ondare-zatia ere handiagoa emango zaio, eta urria bada txikiagoa. Senitarte bakoitzak zozketan egokituriko ondarea jasoko du.
55Alabaina, lurraldeko biztanleak botatzen ez badituzue, geldituko direnak begian arantza nahiz saihetsean eztenkada bezain mingarri izango dituzue: erasoka ariko zaizkizue biziko zareten lurraldean bertan.
56Orduan, haiekin egin asmo nuena, zuekin egingo dut».