Zenbakiak 32 EAB

Bi leinu eta erdi Jordanen ekialdean

1 Rubenen eta Gaden ondorengoek abere-talde biziki handiak zituzten. Jazer eta Galaad lurraldeak abereak hazteko oso aukerakoak zirela ikusi zutelarik,

2 Moises, Eleazar apaiz eta elkarte-arduradunengana joan eta esan zieten:

3 —Atarot, Dibon, Jazer, Nimra, Hexbon, Elale, Sebam, Nebo eta Beon hiriak,

4 israeldar elkartea iristean Jaunak konkistatu duen lurralde hau, aukerakoa da abeltzaintzarako; eta guk, zure zerbitzariok, abere asko dugu.

5 Begiko bagaituzu, emaguzu lurralde hau jabetzan; ez gaitzazu Jordan igarotzera behartu.

6 Baina Moisesek esan zien:—Nola? Zuek hemen gelditu, gainerako israeldarrak, zuen senideak, borrokara doazen bitartean?

7 Zergatik zabiltzate israeldarrak adoregabetzen, Jaunak emandako lurraldera igaro ez daitezen?

8 Horixe bera egin zuten zuen arbasoek ere, Kadex-Barneatik lurralde hau ikertzera bidali nituenean.

9 Exkol ibarrera iritsi eta lurraldea ikertu ondoren, israeldarrak adoregabetu nahi izan zituzten, Jaunak ematen zien lurraldean sar ez zitezen.

10 Egun hartan haserre-sutan jarri zen Jauna eta zin egin zuen

11 Abraham, Isaak eta Jakobi hitzemandako lurraldea ez zutela ikusiko Egiptotik atera ziren hogei urtez gorako gizonezkoek, leial izan ez zitzaizkiolako.

12 Jefuneren seme Kaleb keniztarra eta Nunen seme Josue izan ziren salbuespen bakar, hauek bai, hauek guztiz leial izan baitzitzaizkion.

13 Haserre-sutan jarri zen Jauna orduan Israelen aurka, eta berrogei urtez harat-honat erabili zuen herria basamortuan, Jaunak atsegin ez zuena egin zuen belaunaldi hura guztia hil arte.

14 Eta orain zuek, bekatari-kumeok, zeuen arbasoen bidea hartzen duzue, Jaunaren haserre-sua Israelen aurka areago suspertzeko.

15 Izan ere, Jaunarengandik aldentzen bazarete, are gehiago luzatuko dio hark Israeli basamortuko egonaldia, eta, orduan, zuek izango zarete herri osoaren hondamendiaren erantzule.

16 Gad eta Rubenen leinuetako gizonek esan zioten Moisesi:—Artegiak eraikiko ditugu hemen artaldeentzat eta hiriak familientzat,

17 eta geu, armak harturik, beste israeldarren aurretik joango gara lehian, berena izango duten tokira sartu arte. Bitartean, gure familiak hiri gotortuetan geldituko dira, bertako biztanleengandik babesturik.

18 Ez gara etxera itzuliko, israeldar bakoitza bere ondarearen jabe egin arte.

19 Baina ez dugu parterik izango Jordanez beste aldeko lur-banaketan, guri dagokigun ondarea Jordanez alde honetan, ekialdean, baitaukagu.

20 Moisesek esan zien:—Egizue agindu duzuena: hartu armak Jaunaren agindura borrokatzeko;

21 igaro dezatela zuen gizon armatu guztiek Jordan ibaia Jaunaren agindura eta gelditu han, Jaunak bere etsaiak handik bota arte;

22 horrela bada, eta Jaunaren laguntzaz lurraldea menderatu baino lehen itzultzen ez bazarete, ez duzue inolako errurik izango, ez Jaunaren, ez Israelen aurrean, eta lurralde hau zeuen jabetza izango duzue, Jaunaren oniritziaz.

23 Baina, horrela ez baduzue jokatzen, bekatu eginen duzue Jaunaren aurka, eta jakin ez diozuela zigorrari ihes egingo.

24 Eraiki, bada, hiriak zeuen familientzat eta artegiak artaldeentzat. Baina eutsi emandako hitzari.

25 Gaden eta Rubenen ondorengoek erantzun zioten Moisesi:—Prest gaude zure agindua betetzeko, jauna.

26 Gure emazte eta haurrak, artalde eta abereak hemen geldituko dira, Galaadeko hirietan.

27 Zure zerbitzariok, aldiz, gudurako armaturik, Jaunaren agindura borrokara joango gara, zuk, jaun horrek, esan bezala.

28 Honela agindu zien Moisesek Eleazar apaizari, Nunen seme Josueri eta israeldar leinuetako familiaburuei gadtarrei eta rubendarrei buruz:

29 «Gaden eta Rubenen ondorengoei, Jaunaren agindura borrokatzeko armaturik zuekin batera Jordan ibaia igarotzen badute, lurraldea menderatu ondoren, Galaad eskualdea emango diezue ondare.

30 Baina, armaturik zuekin batera Jordan igarotzen ez badute, Kanaan lurraldean izango dute ondarea zuek bezala».

31 Gaden eta Rubenen ondorengoek esan zuten: «Beteko dugu Jaunak zerbitzarioi esana.

32 Joango gara Kanaan lurraldera, armaturik Jaunaren agindura borrokatzera, eta dagokigun lur-ondarea Jordanez honaindian izango dugu jabetzan».

33 Horrela, Gaden eta Rubenen ondorengoei eta Joseren seme Manasesen leinu erdiari amortarren errege Sihonen eta Baxango errege Ogen erresumak eman zizkien Moisesek, bertako hiri eta inguruko herrixkekin.

34-36 Gaden ondorengoek Dibon, Atarot, Aroer, Atrot-Xofan, Jazer, Jogboha, Bet-Nimra eta Bet-Haran hiriak berreraiki eta gotortu zituzten, eta artegiak eraiki.

37-38 Rubenen ondorengoek Hexbon, Elale, Kiriataim, Nebo, Baal-Meon eta Sibma berreraiki zituzten, eta berreraikitako hiriei izena aldatu zieten.

39 Manasesen seme Makirren ondorengoek Galaadera joan eta konkistatu egin zuten, bertako amortarrak botaz.

40 Eta Moisesek Manasesen seme Makirren ondorengoei eman zien Galaad, eta bertan jarri ziren bizitzen.

41 Manasesen seme Jairren ondorengoek hango herrixkak konkistatu eta «Jairren Herrixkak» eman zieten izena.

42 Kenat hiria eta honen menpeko herrixkak konkistatu zituen Nobah-ek, eta bere izena eman, «Nobah» alegia.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36