Zenbakiak

Kapituluak 9

Elizen Arteko Biblia

Pazko-dataz zehaztasunak

1Israeldarrak Egiptotik irten eta bigarren urtean, urtearen lehen hilean, honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi Sinai basamortuan: 2-3«Ezarritako egunean, hau da, hil honen hamalauko ilunabarrean, ospatuko dute Pazkoa israeldarrek, eta ospatu, jaiari dagozkion ohikune eta usadioei zehatz-mehatz lotuz». 4Pazkoa ospatzeko agindu zien, bada, Moisesek israeldarrei. 5Sinai basamortuan, lehen hilaren hamalauko ilunabarrean ospatu zuten. Israeldarrek zehatz-mehatz bete zuten Jaunak Moisesi agindurikoa. 6Alabaina, zenbait gizaseme kutsaturik zegoen gorpuren bat ukitu zuelako, eta ezin zuen Pazkoa egun hartan ospatu. Orduan, Moises eta Aaronengana jo zuten, 7esanez:—Gorpu bat ukitu dugulako, kutsaturik gaude. Zer dela-eta ez zaigu zilegi Jaunari geure oparia eskaintzea gainerako israeldar guztiekin batera? 8Moisesek erantzun zien:—Itxaron, Jaunak zuei buruz erabakitzen duena jakin arte. 9Jaunak esan zion Moisesi: 10«Esan israeldarrei: Nire ohorez Pazkoa ospatzen den egunean, zuetako nahiz zuen ondorengoetariko norbait gorpu bat ukitu duelako kutsaturik badago edo etxetik urruti bidaian badabil, 11bigarren hilaren hamalauko ilunabarrean ospatuko du. Belar mingotsez eta legamia gabeko ogiz lagundurik jango du bildotsa; 12ez du ezer gordeko biharamunerako, ezta oparigaiaren hezurrik hautsiko ere. Ohikuneari zehatz-mehatz lotuz ospatuko du Pazkoa. 13Baina, garbi egonik edo bidaian ez delarik, Pazkoa ospatu gabe uzten duena, bota egingo dute herritik. Ezarritako egunean Jaunari oparia eskaintzen ez dionak bere hobenaren ondorenak jasan beharko ditu. 14«Zuen artean bizi den etorkinak, Jaunaren ohorez Pazkoa ospatzen badu, Pazko-ohikune eta usadioak jarraituko ditu: ohikune bat bera izango duzue etorkinek eta bertakoek».

Lainoa egoitzaren gainean

15Egoitza eraiki zenean, egunez lainoak estaltzen zuen; arratsaldez su-itxura hartzen zuen lainoak egoitzaren gainean. 16Honela gertatzen zen beti: egunez lainoak estaltzen zuen egoitza eta gauez su-itxura hartzen zuen. 17Lainoa etxolaren gainetik aldentzen zenean, israeldarrak abiatu egiten ziren; lainoa gelditzen zenean, berriz, etxolatu. 18Jaunaren agindura abiatzen ziren israeldarrak eta haren agindura etxolatzen. Lainoa egoitzaren gainean gelditua zegoen bitarte guztian, etxolatuak egoten ziren. 19Lainoa egoitzaren gainean luzaro gelditzen bazen ere, israeldarrak, Jaunaren aginduari lotuz, ez ziren abiatzen. 20Lainoa egun gutxitan gelditzen bazen egoitzaren gainean, Jaunaren agindura etxolatzen ziren eta haren agindura abiatzen. 21Batzuetan, arratsaldetik goiza arte bakarrik gelditzen zen, nahiz egun batez, nahiz gau batez; orduan, lainoa aldendu orduko, abiatu egiten ziren. 22Egoitzaren gainean egun bi, hilabete edo urtebete geldituz gero, israeldarrak geldi egoten ziren eta ez ziren abiatzen. Baina lainoa aldendu orduko, abiatu egiten ziren. 23Jaunaren agindura etxolatzen ziren eta haren agindura abiatzen. Israeldarrak Jaunak Moisesi emandako aginduari lotzen zitzaizkion.