Zenbakiak 30 EAB

1 Moisesek israeldarrei adierazi zien Jaunak aginduriko guztia.

Jaunari eginiko botoaz araua

2 Ondoren, Jaunaren beste aginduok adierazi zizkien Moisesek Israelgo leinuburuei:

3 «Jaunari eginiko botoz nahiz edozein zin-hitzez bere burua lotzen duen gizasemeak ezin izango du bere hitza jan: zehatz-mehatz beteko du hitzemana.

4 «Eman dezagun, Jaunari botoa egin edo bere burua edozein konpromisoz lotu duena, oraindik aitaren etxean bizi den neskatxa dela.

5 Aitak, jakinaren gainean egonik, deus ere esaten ez badio, boto eta konpromiso guztiak baliozkoak izango dira.

6 Baina aitak, jakitean, onirizten ez badie, boto eta konpromiso haiek guztiak hutsean geldituko dira; haietatik libre utziko du Jaunak neskatxa, aitak oniritzirik eman ez diolako.

7 «Eman dezagun, neskatxa, artean botoz edo ongi pentsatu gabe harturiko konpromisoz lotua dagoelarik, ezkondu egiten dela.

8 Senarrak, horren berri jakitean, deus ere esaten ez badio, boto nahiz konpromisoak baliozkoak izango dira.

9 Baina senarrak, jakitean, onirizten ez badie, baliogabeturik geldituko da emazteak eginiko boto nahiz ongi pentsatu gabe harturiko konpromisoa; Jaunak libre utziko du haietatik.

10 «Alarguntsaren nahiz senarrak zapuztutako emakumearen botoa nahiz edozein konpromiso baliozkoa izango da.

11 Eman dezagun, ordea, emazteak, artean senarraren etxean bizi dela, botoz nahiz edozein zin-hitzez bere burua lotzen duela.

12 Senarrak, horren berri jakitean, deus ere esaten ez badio, oniritzia ematen dio, eta botoak zein konpromisoak baliozkoak izango dira.

13 Baina senarrak, jakitean, baliogabetzea erabakitzen badu, emazteak hitzemandako botoa nahiz konpromisoa hutsean geldituko da. Senarrak baliogabetu dituenez, Jaunak haietarik libre utziko du emaztea.

14 Edozein delarik ere emaztearen botoa edo barau egiteko zin-hitza, senarrak bihurtzen du baliozko ala baliogabeko.

15 Senarrak, emaztearen boto nahiz konpromisoaren berri jakinik, biharamuna arte deus ere esaten ez badio, emakumearen botoa zein konpromisoa baliozkoa izango da.

16 Baina geroago baliogabetzea erabakitzen badu, bera izango da emaztearen erruaren erantzule».

17 Horiek dira Jaunak Moisesi emandako arauak, bai emakume ezkonduak, bai oraindik aitaren etxean bizi den neskatxak eginiko promesei buruz.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36