Zenbakiak 11 EAB

Jaunak israeldarrak zigortu Taberan

1 Behin batean, kexa bizian ari zen herria. Entzutean, biziki haserretu zen Jauna. Lehertu zen haren haserre-sua herriaren aurka eta kanpaleku-ingurua erabat erre zuen.

2 Herriak oihu egin zion Moisesi laguntza eske. Moisesek Jaunari erregutu eta itzali egin zen sua.

3 Leku hari Tabera —hau da, «Sute»— ezarri zioten izena, Jaunaren sua israeldarren aurka bertan lehertu zelako.

Herria kexu: haragia nahi

4 Israeldarrekin elkartu zen arrotz-jendeari jateko gogoa bizkortu zitzaion, eta israeldarrak negarrez hasi ziren haiekin batera, esanez: «Haragi pixka bat bagenu behintzat!

5 Gogoan dugu Egipton doan jaten genuen arraina, baita hango pepino, meloi, porru, tipula eta baratxuriak ere!

6 Baina orain goseak hiltzen gaude, “mana” baino ikusten ez dugularik».

7 Txarrangil-haziaren itxurakoa zen mana, erretxina-kolorekoa.

8 Banatu egin ohi zen herria mana biltzeko, eta, errotan eho edo motroiloan xehatu ondoren, lapikoan egosi eta olio-opilen gustuko opilak egiten zituzten.

9 Gauez, kanpalekuan ihintza egitean, gainean agertzen zen mana.

10 Aditu zuen Moisesek herria, senitarteka bildurik, nor bere etxolaren sarreran negarrez ari zela. Jauna haserre-sutan zegoen; Moises ere mindurik zegoen,

11 eta esan zion Jaunari:—Zergatik hartu duzu hain gaizki zeure zerbitzari hau? Zergatik jarri nauzu zoritxarrean, herri honen zama neuri ezarriz?

12 Nik sortu ote dut, bada, herri hau? Nik ekarri ote mundura, esan diezadazun: «Hartzazu lepoan, inudeak haurtxoa bezala, eta eraman arbasoei hitzemandako lurraldera»?

13 Nondik aterako dut jende honi guztiari jaten emateko adina haragi? Gosea kentzeko haragi eske ari zaizkit negarrez.

14 Nik bakarrik ez nezake herri hau guztia eraman: zama astunegia da niretzat.

15 Horrela erabili behar banauzu, ken iezadazu bizia, arren, begiko banauzu bederen. Eta ez dut neure zori beltza gehiago jasan beharrik izango.

16 Jaunak erantzun zion Moisesi:—Bildu hirurogeita hamar herri-arduradun israeldar, zure iritziz herrian agintea eta gidaritza dituztenak, ekarri elkarketa-etxolara eta beude han zurekin.

17 Jaitsi eta han mintzatuko natzaizu eta, zuk duzun espiritutik harturik, haiengan isuriko dut, herria gidatzen lagun diezazuten. Horrela ez zara bakarrik izango.

18 Eta herriari hau esango diozu: «Egin garbikuntza biharko, haragia izango baituzue jateko. Aditu ditu Jaunak zuen negarrak, “Haragi pixka bat jango bagenu behintzat! Hobeto geunden Egipton!” esaten zenutenean. Hara, bada! Emango dizue Jaunak haragia.

19 Ez duzue jango egun bat edo bitan, bost, hamar edo hogei egunetan bakarrik;

20 hilabete osoan jango duzue, nazkatzeraino jan ere, sudurretatik atera dakizuen arte. Hori, zuen artean bizi den Jauna baztertu duzuelako eta haren aurrean negarrez jardun duzuelako, esanez: “Zergatik irten ote ginen Egiptotik?”»

21 Orduan, Moisesek esan zion:—Nirekin datorren herri honi, seiehun mila gizon izanik, hilabete osorako haragia emango diozula diostazu?

22 Ganadu guztia hilda edo itsasoko arrain guztiak bilduta ere ez lukete aski izango!

23 Jaunak erantzun zion:—Nire eskua hain laburra dela uste al duzu? Orain ikusiko duzu esana betetzen den ala ez.

Jainkoaren espiritua hirurogeita hamar herri-arduradunei eman

24 Etxolatik irtenda, Jaunak esana kontatu zion Moisesek herriari. Gero, hirurogeita hamar herri-arduradun israeldarrak bildurik, etxola inguruan jarri zituen.

25 Orduan, Jauna jaitsi zen lainoan eta Moisesekin mintzatu zen; gero, Moisesek zuen espiritutik hartu eta hirurogeita hamar herri-arduradunei isuri zien. Espiritua haiengan kokatu orduko, profeta gisa hasi ziren mintzatzen, baina ez zuten jarraitu.

26 Bi gizaseme, bata Eldad izenekoa eta bestea Medad, hirurogeita hamarren taldekoak izan arren, ez ziren etxolara joan, baizik eta kanpalekuan gelditu ziren. Baina kokatu zen espiritua haiengan ere eta profeta gisa hasi ziren mintzatzen.

27 Orduan, mutiko bat korrika joan zitzaion Moisesi, esatera:—Eldad eta Medad profeta bezala mintzatzen ari dira kanpalekuan.

28 Nunen seme Josuek, gaztetandik Moisesen laguntzaile zenak, esan zuen:—Ene jaun Moises, galaraz iezaiezu!

29 Moisesek ihardetsi zion:—Niregatik jeloskor? Nahiago nuke herri osoa profeta bihurtzea, Jaunak bere espiritua denei ematea!

30 Gero, kanpalekuan bildu ziren Moises eta Israelgo herri-arduradunak.

Galeperrak

31 Jaunak haizea atera zuen, eta haizeak, itsasaldetik joz, galeper-multzoa ekarri eta kanpaleku inguruan bota zuen: egun bateko bidea adinako luze-zabala estali zuten galeperrek kanpalekuaren inguru osoan, metro bat lodiko galeper-piloa zegoelarik.

32 Egun eta gau osoa eta biharamun osoa eman zuen herriak galeperrak biltzen. Gutxien jaso zuenak hamar gurdikada bildu zuen. Eta kanpalekuaren inguru osoan ezarri zituzten, lehortzeko.

33 Oraindik haragia hagin artean zerabiltela, biziki haserretu zen Jauna israeldarren aurka, eta izurri ikaragarriz zigortu zituen.

34 Leku hari Kibrot-Taaba —hau da, «Salokeri Hilobiak»— eman zioten izena, han lur eman baitzioten jan-irrika sartu zitzaion jendeari.

35 Kibrot-Taabatik Hatzerotera joan zen herria eta han gelditu.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36