Zenbakiak 7 EAB

Elkarketa-etxola eramateko gurdien eskaintza

1 Eraikuntza burutu zuen egunean, Moisesek olioa isuriz sagaratu zuen egoitza bertako tresna guztiekin; berdin egin zuen aldare eta bertako tresna guztiekin ere.

2 Gero, leinuen ordezkari bezala izen-bilketa egiten jardun zuten familiaburuek

3 beren oparia aurkeztu zioten Jaunari: sei gurdi estali eta hamabi idi, hau da, gurdi bat bi buruzagiko eta idi bat buruzagi bakoitzeko. Guztia egoitzaren aurrean ezarri zuten.

4 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi:

5 «Ekarri dituzten opariok hartu elkarketa-etxolako zerbitzurako, eta eman lebitarrei, nori bere egitekoaren arabera behar duena».

6 Hartu zituen Moisesek gurdiak eta idiak eta lebitarrei banatu zizkien:

7 gerxondarrei bi gurdi eta lau idi, beren egitekoaren arabera;

8 meraritarrei lau gurdi eta zortzi idi, Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean bete behar zuten egitekoaren arabera;

9 kehatarrei, berriz, ez zien gurdirik, ez idirik eman, haien egitekoa gauza sakratuak bizkarrean eramatea baitzen.

Aldarea inauguratzeko opariak

10 Aldarea sagaratzeko egunean, familiaburuek aldarearen inaugurazioko opariak eraman zituzten eta aldare aurrean ezarri.

11 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Egun bakoitzean familiaburu desberdinak eramango du oparia aldarearen inauguraziorako».

12-83 Lehen egunean Aminadaben seme Nahxonek, Judaren leinukoak, eraman zuen oparia; bigarren egunean Tzuarren seme Netanelek, Isakarren leinukoak; hirugarren egunean Helonen seme Eliabek, Zabulonen leinukoak; laugarren egunean Xedeurren seme Elitzurrek, Rubenen leinukoak; bosgarren egunean Tzurixadairen seme Xelumielek, Simeonen leinukoak; seigarren egunean Deuelen seme Eliasafek, Gaden leinukoak; zazpigarren egunean Amihuden seme Elixamak, Efraimen leinukoak; zortzigarren egunean Pedahtzurren seme Gamelielek, Manasesen leinukoak; bederatzigarren egunean Gideoniren seme Abidanek, Benjaminen leinukoak; hamargarren egunean Amixadairen seme Ahiezerrek, Danen leinukoak; hamaikagarren egunean Okranen seme Pagielek, Axerren leinukoak; hamabigarren egunean Enanen seme Ahirak, Neftaliren leinukoak.Eta hona familiaburu bakoitzak eraman zituen opariak: zilarrezko kilo eta erdi inguruko azpila eta 800 gramo inguruko isipu-ontzia —santutegiko pisu-neurriaren arabera—, biak olioz oraturiko irin garbiz beteak labore-oparitarako; baita urrezko 110 gramo inguruko erretilua ere, intsentsuz betea; zekor bat, ahari bat eta urtebeteko bildots bat erre-oparitarako, aker bat barkamen-oparitarako eta bi zekor, bost ahari, bost aker eta urtebeteko bost bildots elkartasun-oparitarako.

84 Beraz, Israelgo familiaburuek honako opariok eskaini zituzten, aldarea sagaratu zen egunean: zilarrezko hamabi azpil, zilarrezko hamabi isipu-ontzi eta urrezko hamabi erretilu.

85 Zilarrezko azpil bakoitza kilo eta erdi inguru zen eta isipu-ontzi bakoitza 800 gramo inguru. Azpil eta isipu-ontzien zilarra, guztira, hogeita zazpi kilo eta erdi izan zen gutxi gorabehera, santutegiko pisu-neurriaren arabera.

86 Bazeuden urrezko hamabi erretilu ere, intsentsuz beterik, bakoitza 110 gramo ingurukoa, santutegiko pisu-neurriaren arabera. Erretiluek 1.320 gramo eman zuten guztira.

87 Erre-oparitarako abereak, guztira, hamabi zekor, hamabi ahari eta urtebeteko hamabi bildots ziren, zegozkien labore-opariekin batera, eta hamabi aker barkamen-oparitarako.

88 Elkartasun-oparitarako abereak, guztira, hogeita lau zekor, hirurogei ahari, hirurogei aker eta urtebeteko hirurogei bildots ziren. Horiek izan ziren aldarea sagaratu ondorengo inaugurazio-jairako opariak.

Jauna Moisesi mintzo elkarketa-etxolan

89 Jaunarekin mintzatzeko elkarketa-etxolan sartu ohi zenean, Jaunaren ahotsa entzuten zuen Moisesek; ahotsak itun-kutxa gaineko estalki gainetik, izaki hegaldunen artetik, hitz egiten zion.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36