Zenbakiak 19 EAB

Behi gorriaren errautsak

1 Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni:

2 «Hona hemen nik, Jaunak, agindua: Esan israeldarrei hartzeko behi gorri bat, akats gabea eta uztarrian lotu gabea,

3 eta ekartzeko Eleazar apaizari. Honek kanpalekutik atera eta bere aurrean hilaraziko du.

4 Eleazar apaizak odoletik pixka bat hartu eta behatzez zazpi bider zirtatuko du elkarketa-etxolaren aurrealderantz.

5 Gero, behia erabat erreko dute apaizaren aurrean: larru, haragi, odol eta heste.

6 Berehala, apaizak zedro-zura, isipua eta purpura gorrimina hartu eta behia erretzen deneko sutara botako ditu.

7 Ondoren, arropak garbitu eta uretan bainatuko da, eta sar daiteke berriro kanpalekura; baina kutsaturik geldituko da arratsa arte.

8 Behia erre duena ere arropak garbitu eta uretan bainatuko da, eta kutsaturik geldituko arratsa arte.

9 Garbi dagoen beste norbaitek behiaren errautsak bildu eta, kanpalekutik aterata, leku garbi batean ezarriko ditu. Errauts hori erabiliko du israeldar elkarteak garbikuntzako ura prestatzeko. Ur horrekin eginiko garbikuntza-ohikuneak barkamen-opariaren balioa du.

10 Behiaren errautsak bildu dituenak arropak garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte. Betiko lege izango da hau, bai israeldarrentzat, bai haien artean bizi den etorkinarentzat.

Garbikuntzari buruzko legeak

11 «Giza gorpuren bat ukitzen duena kutsaturik geldituko da zazpi egunez.

12 Hirugarren eta zazpigarren egunean garbikuntzako urez garbituko da, eta berriro garbi geldituko; baina hirugarren eta zazpigarren egunean garbitzen ez bada, ez da garbi geldituko.

13 Giza gorpuren bat ukitu eta garbikuntzarik egiten ez duenak Jaunaren egoitza profanatzen du; beraz, bota egingo dute Israel herritik. Garbikuntzako urez zipriztindua izan ez denez, kutsaturik jarraitzen du.

14 «Hona norbait oihal-etxolan hiltzen denerako legea: barruan dauden eta hara sartzen diren guztiak kutsaturik geldituko dira zazpi egunez.

15 Irekita edo behar bezala estali gabe dauden ontzi guztiak ere kutsaturik geldituko dira.

16 «Landan dabilela, hila izan den nahiz berez hildako norbaiten gorpua edota giza hezurrak nahiz hilobia ukitzen dituena kutsaturik geldituko da zazpi egunez.

17 «Halako kutsadura gertatzean, barkamen-oparitzat eskainitako behiaren errautsetik pixka bat ontzi batean ipiniko dute eta iturburuko ura isuriko gainetik.

18 Ondoren, garbi dagoen norbaitek isipua hartu, uretan busti eta hartaz zipriztinduko ditu oihal-etxola, ontzi guztiak eta barruko lagunak; gauza bera egingo dio giza hezurrak edo hila izan denaren nahiz berez hildakoaren gorpua edota hilobia ukitu duenari ere.

19 Hirugarren eta zazpigarren egunean zipriztinduko du. Ondoren, kutsaturik zegoena arropak garbitu eta uretan bainatuko da, eta zazpigarren egunean, arratsaldean, garbi geldituko.

20 Kutsaturik egon eta garbikuntza egiten ez duena bota egingo dute elkartetik, Jaunaren santutegia profanatu baitu. Garbikuntzako urez zipriztindua izan ez denez, kutsaturik jarraitzen du.

21 «Betiko lege izango duzue hori. Garbikuntzako urez zipriztintzen duenak garbitu egingo du arropa. Garbikuntzako ura ukitzen duenari dagokionez, kutsaturik geldituko da arratsa arte.

22 Kutsaturiko gizonak ukitzen duen guztia kutsaturik geldituko da; kutsaturik dagoena ukitzen duena ere kutsaturik geldituko da arratsa arte».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36