4 Elkarketa-etxolako zerbitzuan eta hango zereginetan egingo dizute lagun; ez zaizue lebitar ez den inor elkartuko.
5 Zuek beteko duzue santutegiko eta aldareko zerbitzu sakratua; honela, ez da nire haserrea israeldarren aurka piztuko.
6 Nik bereizi ditut zure senide lebitarrak israeldarren artetik, eta niri, Jaun honi, oso-osorik emanak daude, elkarketa-etxolaren zerbitzuaz arduratzeko.
7 Baina zuk eta zure semeek bakarrik beteko dituzue aldarean nahiz errezelaz barrualdera bete beharreko apaiz-jarduerak. Eginkizun hori zuei dagokizue, zuei eman baitizuet apaiz-kargua. Apaiz ez den norbaitek apaizgintzan badihardu, heriotzara emango dute».
8 Jaunak esan zion Aaroni: «Zure esku uzten ditut israeldarrek zor dizkidaten eskaintza sakratu guztiak: zuri eta zure ondorengoei dagokizuen zati dira. Betiko lege izango duzue hau.
9 Opari guztiz sakratuetatik, hau da, israeldarrek eskainiko dizkidaten labore-opari, barkamen- eta ordain-oparietatik nire ohorez erretzen ez dena zuretzat eta zure ondorengoentzat izango da.
10 Gizonezkoek bakarrik jan dezakete opari horietatik, eta toki sakratuan jango dute, guztiz sakratuak baitira.