23 Baina, horrela ez baduzue jokatzen, bekatu eginen duzue Jaunaren aurka, eta jakin ez diozuela zigorrari ihes egingo.
24 Eraiki, bada, hiriak zeuen familientzat eta artegiak artaldeentzat. Baina eutsi emandako hitzari.
25 Gaden eta Rubenen ondorengoek erantzun zioten Moisesi:—Prest gaude zure agindua betetzeko, jauna.
26 Gure emazte eta haurrak, artalde eta abereak hemen geldituko dira, Galaadeko hirietan.
27 Zure zerbitzariok, aldiz, gudurako armaturik, Jaunaren agindura borrokara joango gara, zuk, jaun horrek, esan bezala.
28 Honela agindu zien Moisesek Eleazar apaizari, Nunen seme Josueri eta israeldar leinuetako familiaburuei gadtarrei eta rubendarrei buruz:
29 «Gaden eta Rubenen ondorengoei, Jaunaren agindura borrokatzeko armaturik zuekin batera Jordan ibaia igarotzen badute, lurraldea menderatu ondoren, Galaad eskualdea emango diezue ondare.