12 Ostera hasiko du Jaunari nazireu bezala sagaraturiko denboraldia; aurreko egunak ez zaizkio kontuan hartuko, bere nazireu-botoa profanatu duelako. Gainera, urtebeteko bildotsa eramango dio Jaunari ordain-oparitzat.
13 «Hona hemen nazireuari buruzko legea: Sagarapen-garaia burutzean, elkarketa-etxolaren sarrerara joango da
14 eta urtebeteko bildots akats gabea eskainiko dio Jaunari erre-oparitzat, urtebeteko arkume akats gabea barkamen-oparitzat eta ahari akats gabea elkartasun-oparitzat.
15 Irin garbiz eginiko legamia gabeko saski bat ogi, olioz oraturiko opilak eta oliotan bustiriko talo legamia gabeak ere eskainiko ditu, labore- eta isur-opariekin batera.
16 Apaizak Jaunari aurkeztuko dizkio opariok, eta barkamen-oparia eta erre-oparia eskainiko ditu;
17 gero, aharia eskainiko du elkartasun-oparitzat, legamia gabeko ogien saskiarekin batera, eta labore- eta isur-opariak.
18 Ilea motz-motz egingo du nazireuak elkarketa-etxolako sarreran eta bere sagarapenaren ezaugarri duen ile moztua elkartasun-oparia erretzen deneko sutara botako du.