Zenbakiak 7:12-83-89 EAB

12-83 Lehen egunean Aminadaben seme Nahxonek, Judaren leinukoak, eraman zuen oparia; bigarren egunean Tzuarren seme Netanelek, Isakarren leinukoak; hirugarren egunean Helonen seme Eliabek, Zabulonen leinukoak; laugarren egunean Xedeurren seme Elitzurrek, Rubenen leinukoak; bosgarren egunean Tzurixadairen seme Xelumielek, Simeonen leinukoak; seigarren egunean Deuelen seme Eliasafek, Gaden leinukoak; zazpigarren egunean Amihuden seme Elixamak, Efraimen leinukoak; zortzigarren egunean Pedahtzurren seme Gamelielek, Manasesen leinukoak; bederatzigarren egunean Gideoniren seme Abidanek, Benjaminen leinukoak; hamargarren egunean Amixadairen seme Ahiezerrek, Danen leinukoak; hamaikagarren egunean Okranen seme Pagielek, Axerren leinukoak; hamabigarren egunean Enanen seme Ahirak, Neftaliren leinukoak.Eta hona familiaburu bakoitzak eraman zituen opariak: zilarrezko kilo eta erdi inguruko azpila eta 800 gramo inguruko isipu-ontzia —santutegiko pisu-neurriaren arabera—, biak olioz oraturiko irin garbiz beteak labore-oparitarako; baita urrezko 110 gramo inguruko erretilua ere, intsentsuz betea; zekor bat, ahari bat eta urtebeteko bildots bat erre-oparitarako, aker bat barkamen-oparitarako eta bi zekor, bost ahari, bost aker eta urtebeteko bost bildots elkartasun-oparitarako.

84 Beraz, Israelgo familiaburuek honako opariok eskaini zituzten, aldarea sagaratu zen egunean: zilarrezko hamabi azpil, zilarrezko hamabi isipu-ontzi eta urrezko hamabi erretilu.

85 Zilarrezko azpil bakoitza kilo eta erdi inguru zen eta isipu-ontzi bakoitza 800 gramo inguru. Azpil eta isipu-ontzien zilarra, guztira, hogeita zazpi kilo eta erdi izan zen gutxi gorabehera, santutegiko pisu-neurriaren arabera.

86 Bazeuden urrezko hamabi erretilu ere, intsentsuz beterik, bakoitza 110 gramo ingurukoa, santutegiko pisu-neurriaren arabera. Erretiluek 1.320 gramo eman zuten guztira.

87 Erre-oparitarako abereak, guztira, hamabi zekor, hamabi ahari eta urtebeteko hamabi bildots ziren, zegozkien labore-opariekin batera, eta hamabi aker barkamen-oparitarako.

88 Elkartasun-oparitarako abereak, guztira, hogeita lau zekor, hirurogei ahari, hirurogei aker eta urtebeteko hirurogei bildots ziren. Horiek izan ziren aldarea sagaratu ondorengo inaugurazio-jairako opariak.

89 Jaunarekin mintzatzeko elkarketa-etxolan sartu ohi zenean, Jaunaren ahotsa entzuten zuen Moisesek; ahotsak itun-kutxa gaineko estalki gainetik, izaki hegaldunen artetik, hitz egiten zion.