Ezekiel 10 EAB

Jaunaren aintzak tenplutik alde egin

1 Kerubinen buru gainean zegoen sabaiaren gainean, tronu-itxurako zerbait ikusi nuen, zafiro harriaren antzekoa.

2 Esan zion Jaunak lihoz jantzitako gizonari: «Sartu kerubinen azpiko gurpil artera; hartu handik eskuak bete txingar gori eta barreiatu hirian». Eta gizona sartu egin zen neure begi-bistan.

3 Gizona sartu zenean, kerubinak tenpluaren eskuinaldera zeuden, eta lainoak barruko ataria betetzen zuen.

4 Jaunaren aintza kerubinen gainetik altxatu eta tenpluko sarrerara joan zen; lainoak tenplua bete zuen, eta Jaunaren aintzaren distirak ataria.

5 Kerubinen hegal-hotsa kanpoko atariraino iristen zen, Jainko Ahaltsuak hitz egitean ateratzen duen ahotsa bailitzan.

6 Lihoz jantzitako gizona gurpil ondoan zegoen, Jaunak sua gurpilen artetik, kerubinen artetik, hartzeko agindu zionean joana baitzen.

7 Kerubin batek eskua luzatu zuen kerubinen artean zegoen sutarantz, hartu eta lihoz jantzitako gizonaren eskuetan ipini zuen. Honek hartu eta alde egin zuen.

8 Kerubinak hegalpean giza besoaren antzeko zerbait zuela ikusi nuen.

9 Lau gurpil ere ikusi nituen kerubinen ondoan, gurpil bat kerubin bakoitzaren ondoan; gurpilek urre-harriaren distira zuten.

10 Berdinak ziren laurak, bata bestearen barruan sartuta bezala zeuden.

11 Aurrera egitean, lau aldeetarantz joan zitezkeen, itzuli gabe; izan ere, burua norantz, harantz joaten baitziren haiek, ibiltzerakoan itzuli gabe.

12 Eta kerubinen gorputz osoa, haien bizkarrak, besoak eta hegoak, baita lauren gurpilak ere, distiraz beteak zeuden inguruan.

13 Gurpil haiei «Karroza» izena ematen zitzaiela entzun nuen.

14 Kerubinek launa aurpegi zituzten: lehena zezen-aurpegia zen, bigarrena gizaki-aurpegia, hirugarrena lehoi-aurpegia eta laugarrena arrano-aurpegia.

15 Kerubinek gora egin zuten (Kebar ibai inguruan ikusi nituen bizidunak ziren).

16 Kerubinek aurrera egitean, gurpilek ere aurrera egiten zuten haien ondoan, eta ez ziren haien ondotik aldentzen, kerubinek lurretik altxatzeko hegoak zabaltzen zituztenean;

17 kerubinak gelditzen zirenean, gurpilak ere gelditu; haiek gora egitean, gurpilek ere bai, izakiekin bat eginda baitzeuden.

18 Jaunaren aintza tenpluko sarreratik altxatu zen eta kerubinen gainean kokatu.

19 Orduan, kerubinak hegoak zabaldu, lurretik altxatu eta, neure begi aurrean, gurpilekin batera irten ziren. Jaunaren aintza tenpluaren ekialdeko ate-sarreran gelditu zen; Israelgo Jainkoaren aintza kerubinen gainean nabari-nabari zegoen.

20 Kebar ibai ondoan Israelgo Jainkoaren azpian ikusiak nituen izaki bizidunak ziren, eta ohartu nintzen haiek kerubinak zirela.

21 Lau kerubinek launa aurpegi eta launa hego zituzten eta, hegalpean, giza besoen itxurakoak.

22 Aurpegiak, Kebar ibai ondoan ikusiak nituen aurpegien antzekoak ziren. Zuzen-zuzen zihoan bakoitza aurrera.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48