Ezekiel 35 EAB

Edomdarren aurkako mezua

1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2 «Gizaseme, itzuli Seir mendialdera eta hitz egin nire izenean beraren kontra.

3 Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua:«Zure kontra nator,Seir mendialde hori,zure aurka ekineta basamortu soil bihurtuko zaitut.

4 Zure hiriak hondaturik utziko ditut,eta zu zeu basamortu bihurtuko;orduan jakingo duzuni naizela Jauna.

5 «Betidanik izan zara israeldarren etsai, eta gerra egin zenien beren hondamendi-egunean, azken zigorraren egunean;

6 horregatik, nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, heriotzara emango zaitudala eta heriotza atzetik jarraika izango duzula; heriotza gorrotatu ez duzunez, bera izango duzu atzetik jarraika.

7 Seir mendialde hori, basamortu soil bihurtuko zaitut, eta ez da hortik inor ibiliko.

8 Hildakoz beteko ditut zure mendiak. Muino, haran eta erreka-zoko guztietan geldituko dira gerran hildakoak.

9 Betiko basamortu bihurtuko zaitut eta zure hirietan ez da inor biziko. Orduan jakingo duzu ni naizela Jauna.

10 «“Israel eta Juda herrialdeak gureak dira, gu jabetuko gara horietaz” esan duzu —nahiz eta ni, Jauna, bertan bizi—;

11 horregatik, nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, zuk gorrotoaren eraginez israeldarren kontra azaldu duzun amorru eta grina berberaz jokatuko dudala. Zigortuko zaitudanean, orduan aitortuko naute israeldarrek.

12 Orduan jakingo duzu nik, Jaunak, entzun ditudala zuk Israelgo mendien kontra botatako irain guztiak. Esan duzu: “Hutsik daude, geuk irensteko eman dizkigute”.

13 Erronka egin didazue harro, gehiegikeriaz hitz egin duzue nire kontra; dena entzun dut!

14 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Guztiz suntsituko zaitudanean, herrialde osoa poztuko da.

15 Zu poztu egin zinen Israel herriaren ondarea basamortu bihurtzean; bada, gauza bera egingo dizut: Seir mendialdea, Edom osoa, basamortu bihurtuko zaitut. Orduan, denek jakingo dute ni naizela Jauna.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48