1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:
2 «Gizaseme, zuzendu amondarrengana eta hitz egin nire izenean beraien kontra.
3 Esaiezu entzuteko nik, Jainko Jaunak, adierazten diedan mezua: “Bai ederki!”, esan zenuten nire santutegia profanatu zutenean, Israelgo lurraldea hondatu eta Juda herria erbesteratu zutenean;
4 horregatik, ekialdeko leinuak egingo ditut zuen jabe, zuen baitan ezarriko dituzte beren kanpalekuak eta bertan jarriko bizitzen; haiek jango dituzte zuen fruituak, eta zuen esnea edango.
5 Raba, gameluen esparru bihurtuko dut eta amondarren herrialdea artaldeentzako eskorta; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.
6 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Txaloka eta saltoka, poztu egin zarete Israel herriari gertatuaz, biziki mespretxatzen duzuelako;
7 horregatik, nik zuen kontra ekingo diot, nazio arrotzen harrapakin bihurtu eta herrien artetik ezabatuko zaituztet, herrialdeen artetik desagerrarazi eta suntsituko; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.
8 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: “Juda herria beste nazio guztiak bezalakoa da” esan dute moabdarrek;
9 horregatik, Moabeko mugei erasoko diet eta hiririk gabe utziko, herrialdeko hiri preziatuenak ere suntsituz: Bet-Jeximot, Baal-Meon eta Kiriataim.
10 Amondarrez bezalaxe, moabdarrez ere jabetuko dira ekialdeko leinuak, eta ez da beraien oroitzapenik ere geldituko nazioen artean.
11 Zigor-epaia beteko dut Moaben kontra, eta orduan jakingo dute ni naizela Jauna.
12 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Edom Judaren kontra gogor mendekatu da eta errudun bihurtu;
13 horregatik, hau diot nik, Jainko Jaunak: Edomen kontra ekingo diot, gizakiak eta abereak erauzi eta herrialdea hondamendi bihurtuko dut; Temandik Dedaneraino denak guduan hilko dira.
14 Edomen aurkako mendekua neure herri Israelen bidez burutuko dut: nire haserre-suminaren arabera erabiliko dut Edom; orduan ezagutuko dute nire mendekua. Nik, Jainko Jaunak, esana.
15 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Filistearrek mendekuz jokatu dute, gogor eta mespretxu biziz mendekatu dira, beren betidaniko etsaiak suntsitzeraino;
16 horregatik, hau diot nik, Jainko Jaunak: Filistearren kontra ekingo diot, keretarrak erauziko ditut eta itsasertzeko gainerako herriak suntsituko.
17 Gogor mendekatuko naiz beraien kontra, zigor-sumina jasanaraziko diet, eta beraien aurka mendekatuko naizenean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna».