Ezekiel 34 EAB

Israelgo buruzagien aurkako mezua

1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2 «Gizaseme, hitz egin nire izenean Israelgo artzainen kontra eta adieraz iezaiezu nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zoritxarrekoak beren buruak bazkatzen dituzten Israelgo artzainak! Ez ote da artaldea artzainek bazkatu beharrekoa?

3 Ardikiz elikatzen zarete, artilez janzten eta arkumerik ederrenak hiltzen dituzue, baina ez duzue artaldea zaintzen.

4 Ez dituzue ardi ahulak indartzen, ez gaixoa sendatzen, ezta hanka lotu ere hautsia duenari; ez duzue desbideratua artaldera ekartzen, ezta galdutakoaren bila joaten ere, baizik eta indarrez eta gogorkeriaz ezarri diezue zeuen agintea.

5 Artzain gabe, ardiak sakabanatu egin dira eta basapiztien harrapakin bihurtu.

6 Mendi eta muinoetan noraezean dabil nire artaldea; lurralde osoan dago sakabanatua, eta inor ez da berorretaz arduratu eta bila joaten.

7 Horregatik, artzainok, entzun nire, Jainko Jaun honen, mezua:

8 Ala ni, Jainko Jauna! Nire artaldea larrutua eta basapiztia guztien harrapakin izan da artzainik ez zuelako, eta artzainak ez dira nire artaldeaz arduratu; aitzitik, artzainek beren buruak zaindu dituzte eta ez nire artaldea;

9 beraz, artzainok, entzun nik, Jainko Jaunak, diodana:

10 Artzainen kontra ekingo diot: neure artaldea itzultzera behartuko ditut eta artzain-kargutik botako, ez dituzte aurrerantzean beren buruak bazkatuko; horien hortz artetik aterako ditut ardiak eta ez dituzte berriro elikagai izango.

11 Hau baitiot nik, Jainko Jaunak: Ni neu egingo naiz artaldearen kargu, neu arduratuko hartaz.

12 Artaldea sakabanatu zaionean, artzaina bere ardiez arduratzen den bezala, halaxe arduratuko naiz ni neure ardiez; egun lainotsu eta ilunean sakabanaturiko leku guztietatik aterako ditut.

13 Herri eta lurralde arrotzetatik atera eta bilduko ditut, eta beren lurraldera eramango; Israelgo mendietan bazkatuko ditut, haran eta herrialdeko bizileku guztietan.

14 Larre oparotan bazkatuko ditut, Israelgo mendi garaietan izango dituzte eskortak. Han hartuko dute atseden eskorta ederretan, eta larre oparotan bazkatuko dira Israelgo mendietan.

15 Nik neuk larratuko dut artaldea, eta neuk harraraziko diot atseden. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

16 Ardi galduaren bila joango naiz, desbideraturik dabilena artalderatuko, hautsia duenari hanka lotuko, gaixoa indartu egingo dut. (Baina ardi gizenak eta indartsuak suntsitu egingo ditut). Zuzen zainduko ditut neure ardiak.

Jainkoak bere herriari lagundu

17 «Zuei, nire artaldekoei, hau diotsuet nik, Jainko Jaunak: Nik erabakiko dut ardien arteko auzia, ahari eta akerren artekoa.

18 Ez al duzue nahikoa larre bikainetan bazkatzea? Zergatik zapaldu hankapean gainerako larrea? Ez al duzue nahikoa ur garbia edatea? Zergatik zikindu gainerakoa zeuen hankaz?

19 Eta nire ardiek zuek zanpatutakoa jan behar dute eta zuek zikindutakoa edan.

20 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Nik neuk erabakiko dut ardi gizenaren eta argalaren arteko auzia.

21 Ardi gaixoak beso-bizkarrez bultzaka eta adarka bazkatokitik kanpora bota dituzuelako,

22 neure ardiei laguntzera etorriko naiz, luzaroagoan suntsi ez ditzaten; nik neuk erabakiko dut ardien arteko auzia.

23 Artzain bakar bat jarriko dut artaldearen buru, David neure zerbitzaria; berak bazkatuko ditu, bera izango dute artzain.

24 Ni, Jauna, izango naute Jainko eta David nire zerbitzaria buruzagi. Nik, Jaunak, hitzemana.

25 Bakea ekarriko dien ituna egingo dut neure artaldearekin: basapiztiak desagerraraziko ditut herrialdetik, seguru biziko dira landa zabalean eta lasai lo egingo basoetan.

26 Neure mendi santuaren inguruan ezarriko ditut eta sasoian sasoiko euria bidaliko diet, neure bedeinkazioaren ezaugarri.

27 Landako zuhaitzek fruitua emango dute, lurrak uzta, eta nitarrak lasai biziko dira lurraldean. Beraien uztarriaren lokarriak apurtu eta esklabo bihurtu dituztenen eskupetik libratuko ditudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna.

28 Ez dituzte berriro beste nazioek larrutuko, ezta basapiztiek irentsiko ere. Seguru biziko dira, inork izutu gabe.

29 Herrialdea baratzea jori bihurtuko diet; ez ditu berriro goseak joko eta beste nazioek ez dituzte lotsaraziko.

30 Orduan jakingo dute ni, Jauna, beren Jainkoa, berekin nautela, eta beraiek, Israel herria, nire herri direla. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

31 Zuek, nire artalde, nire zainpeko ardi zarete, eta ni zuen Jainko. Nik, Jainko Jaunak, esana».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48