Ezekiel 23 EAB

Samaria eta Jerusalem, bi ahizpa bekatari

1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2 «Gizaseme, baziren bi emakume, ama beraren alabak.

3 Egipton prostituzioan hasi ziren, oso gazterik. Han laztandu zizkieten bularrak, eta altzo birjina ferekatu.

4 Zaharrenak, Samariak, Ohola zuen izena, eta gazteenak, Jerusalemek, Oholiba. Gero, nireak izan ziren eta seme-alabak izan zituzten.

5 Oholak prostituzioan jardun zuen nirea izan arren; maitemindu egin zen bere maitaleez; asiriar gerlariak ziren denak:

6 purpuraz jantzitako gobernari eta agintariak, gazte bikain eta zaldun trebeak.

7 Asiriarren arteko hoberenei eman zizkien bere mesedeak, eta bere maitaleen idolo guztiekin kutsatu zen.

8 Jarraitu egin zuen Egipton hasitako lizunkeriekin; han gaztetan egin zuten larrutan berarekin, eta altzo birjina ferekatu lizunkeriak eginez.

9 Horregatik, bere maitaleen esku utzi nuen, bere amorante asiriarren esku.

10 Larrugorritan utzi zuten, seme-alabak kendu eta bera ezpataz hil zuten. Emakumeentzako ikasbide bihurtu zen, eman zioten zigorrarengatik.

11 «Ahizpa Oholibak ikusi zuen hura guztia, baina are biziotsuagoa izan zen eta ahizpak baino ere lizunkeria okerragoak egin zituen.

12 Asiriarrez maitemindu zen; gobernari eta agintariak, dotore jantzitako gerlariak, zaldun trebe eta gazte bikainak ziren denak.

13 Eta kutsatua zegoela ikusi nuen, biak bide beretik zebiltzala.

14 Oholibak areagotu egin zituen bere lizunkeriak: horman marrazturiko gizon-irudiak ikusi zituen, babiloniarren irudiak gorriz margotuak;

15 gerrian uhalak eta buruan durbanteak zituzten, eta gerlari bikainen itxura guztiek ere; babiloniar jatorren irudiak ziren.

16 Ikusteaz bat maitemindu zen haietaz eta mezulariak bidali zizkien Babiloniara.

17 Orduan, babiloniarrak etorri egin ziren berarekin oheratzeko eta kutsatu egin zuten beren lizunkeriez; baina haiekin kutsatu ondoren, nazka hartu zien.

18 Agerian utzi zuen bere emagaldu-izaera, agerian bere gorputz biluzia; orduan, nazka bizia hartu nion, haren ahizpari hartua nion bezalaxe.

19 Are gehiago ugaritu zituen lizunkeriak, gaztetan Egipton prostituzioan jardun zueneko egunak gogoratuz.

20 Bere ohaideez, astar eta zaldiak baino ere beroagoak ziren lizun haietaz, maitemindua zebilen.

21 «Zeure gaztaroko likiskerietara jo duzu berriro, Egipton zure bularrak laztandu eta altzoa ferekatzen zizuten garaietara.

22 Beraz, Oholiba, hau diotsut nik, Jainko Jaunak: Horra, zure kontra xaxatuko ditut maitaleak, zuretzat nazkagarri izatera iritsi diren horiek; alde guztietatik ekarriko ditut zure aurka:

23 babiloniarrak eta Pekod, Xoa eta Koako leinuak, eta berauekin asiriar guztiak, gazte ederrak, gobernari eta agintariak, gerlari bikain eta zaldun trebeak.

24 Iparraldetik erasoko dizute gudaroste handiz eta mota guztietako guda-gurdiz. Ezkutuz eta buru-oskolez ongi babesturik inguratuko zaituzte. Beraien esku utziko dut auzia eta beren legeen arabera epaituko zaituzte.

25 Neure amorru sutsua botako dut zure gain, eta suminez jokatuko dute zure kontra; sudurra eta belarriak moztuko dizkizute, eta gelditzen diren zutarrak gerran eroriko dira. Zure seme-alabak eraman egingo dituzte, eta gelditzen direnak suak irentsiko ditu.

26 Jantziak erantziko dizkizute eta zure bitxiez jabetuko.

27 Amaiaraziko ditut, bai, Egipton hasitako zure likiskeria eta prostituzioak; ez dituzu berriro gutiziatuko, ez zara Egiptoz oroituko ere.

28 Honela baitiot nik, Jainko Jaunak: Gorrotagarri eta nazkagarri egin zaizkizun haien esku utziko zaitut;

29 gorrotoz erabiliko zaituzte, zure irabazi guztiez jabetuko dira, larrugorrian utziko zaituzte eta agerian geldituko dira zure emagaldukeriak. Zure likiskeria eta prostituzioek

30 ekarri dizute hau guztia, nazio arrotzekin prostituzioan jardun duzulako, beraien idoloekin kutsatuz.

31 Ahizparen bidea hartu duzu eta, beraz, haren kopa jarriko dut zure eskuan.

32 Hau diot nik, Jainko Jaunak:«Ahizparen kopa edango duzu,kopa zabal eta sakona,bete-betea.(Irrigarri eta iseka-gai izango zara).

33 Saminez mozkor-mozkor egingo zara;izu- eta hondamen-kopa dazure ahizpa Samariaren kopa;

34 hondoraino edango duzu,zeure hortzez apurtukoeta zatiez bularrak urratuko dituzu.Nik, Jainko Jaunak, esana.

35 «Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Ahaztu egin nauzulako eta bizkarra eman, eraman zuk ere zeure likiskeria eta prostituzioen zama».

36 Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, epaitu Ohola eta Oholiba, aurpegira iezazkiezu beren jokabide higuingarriak.

37 Adulteriogile eta hiltzaile dira: beren idoloak gurtuz egin dute adulterio, eta mundura ekarri zizkidaten seme-alabak idolo horien ohorez erre dituzte.

38 Eta beste hau ere egin dute: nire santutegia kutsatu eta larunbata hautsi.

39 Beren seme-alabak idoloen ohorez lepo egin ondoren, egun berean nire santutegira sartu eta kutsatu egin dute. Horra zer egin duten neure etxean bertan.

40 Are gehiago, urrutiko gizonei mezulariak bidali zizkieten, etortzeko esanez; eta haiek etorri ondoren, bainatu, begiak pintatu eta beren burua bitxiz apaindu zuten.

41 Gero, etzaleku eder batean jarri ziren, ondoan mahaia prest zutela, eta bertan nik emaniko intsentsua eta olioa.

42 Jendearen atsegin-iskanbila entzuten zen; gizon asko ziren, basamortuko alde guztietatik etorriak. Eskumuturrekoak eta diadema bikainak jartzen zizkieten bi ahizpei.

43 Esan nuen neure artean: lehen hainbeste adulterio eta orain lizunkeria gehiago!

44 Emagaldu batengana bezala zihoazen beraiengana, Ohola eta Oholibagana, emakume likits haiengana.

45 Baina gizon zintzoek epaitu egingo dituzte, adulteriogile eta hiltzaileei dagokien zigorra emanez; adulteriogile eta hiltzaile dira, izan ere.

46 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Bildu batzarra horien kontra, ikara eta pipil ditzan;

47 batzarrak harrikatu eta ezpataz hilko ditu; seme-alabak hilko dizkie eta etxeak erreko.

48 Nik amaiaraziko dut lurralde honetan likiskeria. Eskarmentu hartuko dute emakume guztiek eta ez dute zuek bezalako likiskeriarik egingo.

49 Zuen likiskeriak merezitako ordaina emango dizuete, eta idoloekin egindako bekatuen ondorenak jasango dituzue. Orduan jakingo duzue ni naizela Jauna».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48