Ezekiel 6 EAB

Sasikultuetako gurtzaileen aurka

1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2 «Gizaseme, begira Israelgo mendietarantz eta hitz egin nire izenean berorien aurka.

3 Esan Israelgo mendiei entzuteko nik, Jainko Jaunak, mendi, muino, ibar eta haranei adierazten diedan mezua: Horra, gerra sorraraziko dut zuen sasikultu-lekuak hondatzeko.

4 Zuen aldareak suntsitu eta intsentsua erretzeko ontziak apurtuko dituzte. Zuen gurtzaileak hilik eroraraziko ditut idoloen aurrean.

5 Israeldarren gorpuak idoloen aurrean botako ditut, eta haien hezurrak aldareen inguruan sakabanatuko.

6 Bizileku dituzuen hiri guztiak hondaturik geldituko dira eta sasikultu-lekuak suntsituta, zuen aldareak hondaturik eta birrinduta, idoloak apurturik eta ezereztuta, intsentsua erretzeko ontziak txikiturik eta zuek egindako dena deseginda.

7 Zuetako asko hilda erortzean, orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.

8 Baina batzuk bizirik utziko dizkizuet: gerrari ihes egin eta beste nazio eta herrialdeetan sakabanatuko direnak.

9 Eta bizirik gelditutako horiek nitaz oroituko dira erbesteratuak egongo diren nazioetan; gogoan izango dute nola sufriarazi nien beren desleialkeriagatik, bihotzak niregandik aldendu eta idoloetara jo zutelako. Beren buruen nazka izango dute egindako gaiztakeriengatik, beren idolatria higuingarriagatik.

10 Orduan jakingo dute ni naizela Jauna eta ez niela alferrik hitz egin zoritxar hau iragartzean».

11 Hau dio Jainko Jaunak: «Egin txalo eta dantza! Zoriondu Israel herria bere jokabide guztiz higuingarriagatik! Gerraz, gosez eta izurriz eroriko dira.

12 Urruti dagoena izurriz hilko da, hurbilekoa gerraz, eta gainerakoak —setiatuak— gosez, neure sumina zeharo hustuko baitut haien gain.

13 Orduan jakingo dute ni naizela Jauna, haien hildakoak beren idoloen artean, aldare inguruetan, geldituko direnean: muino-tontor eta mendi-gailurretan, zuhaitz handi eta arte hostotsuen azpian, beren idoloei opari atsegingarriak eskaintzen dizkieten leku guztietan.

14 Beraien aurka eskua luzatu eta bizileku duten lurralde hau hondamendi eta eremu bihurtuko dut, basamortutik Diblaraino. Orduan jakingo dute ni naizela Jauna».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48