Ezekiel 22 EAB

Jerusalemen jokabide higuingarriak

1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2 «Zuk, gizaseme, epaitu, epaitu gogor hiri odolzalea, aurpegiratu beraren jokabide higuingarria!

3 Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zure biztanleek hilketak egiten dituzte, horrela zure ordua hurbilaraziz; idoloak egiten dituzte, horrela zu kutsatuz.

4 Hilketa horiengatik, errudun bihurtu zara; eginiko idoloengatik, kutsatu egin zara; horrela, suntsipen-eguna hurbilarazi duzu eta zeure bizitzaren amaierara iritsi. Horregatik, nazio arrotzen iseka-gai egiten zaitut eta herrialde guztien barregarri.

5 Hurbileko nahiz urrutikoek zutaz barre egingo dute, ospe txarreko eta desordena handiko hiri hori.

6 «Zure baitan Israelgo printzeek odola isurtzen dute, nor bere indarraz baliatuz.

7 Zure baitan aita-amak desohoratzen dituzte, etorkina gogor hartu eta umezurtza eta alarguna ustiatzen.

8 Nire gauza santuak mespretxatzen dira, nire larunbata hausten.

9 Zure baitan badira odola isurtzera bultzatzen duten iraintzaileak, sasikultu-lekuetako otorduetan parte hartzen dutenak, gauza gaitzesgarriak egiten dituztenak.

10 Zure baitan bada aitaren emaztearekin sexu-harremanik duenik, eta hilerokoarekin dagoen emakumea errespetatzen ez duenik.

11 Batek adulterio egiten du lagun hurkoaren emaztearekin, beste batek harreman gaitzesgarriak ditu errainarekin, eta beste batek bere arrebaordea, aitaren alaba, bortxatzen du.

12 Zure baitan bada bere burua diruz saltzen duenik, lukurreriaz interesak kobratzen dituenik, lagun hurkoa zapalduz aberasten denik. Eta nitaz ahazturik bizi zara! Honela diot nik, Jainko Jaunak.

13 «Hara, txaloka ari natzaizu egin dituzun bidegabeko negozio eta hilketak ikusiz.

14 Jasango ote du zure bihotzak eta egongo ote zure eskua tinko, zure aurka ekingo diodanean? Nik, Jaunak, esandakoa bete egiten dut.

15 Atzerriko nazioen artean sakabanatuko zaitut eta herrialdeen artean barreiatuko; zure jokabide lotsagarria amaiaraziko dut.

16 Toki txarrean geldituko zara beste nazioen aurrean, baina ni naizela Jauna jakingo duzu».

17 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

18 «Gizaseme, Israel herria hondakin bilakatu zait, zilarra, brontzea, eztainua, burdina edo beruna labearen erdira bota eta azkenean gelditzen den hondakina bezala.

19 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Zuek denok hondakin bihurtu zarete; horregatik, metatu egingo zaituztet Jerusalemen erdian.

20 Zilarra, brontzea, burdina, beruna edo eztainua labearen erdian metatu eta dena urtzeko sua suspertzen den bezala, hala metatuko zaituztet neure haserre-suminean, labean jarri eta urtzeko.

21 Pilatu eta neure sumina suspertuko dut zuen kontra; Jerusalemen erdian urtaraziko zaituztet.

22 Zilarra labearen erdian urtzen den bezala, hala urtuko zaituztet Jerusalemen erdian; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna, zuen kontra bere sumina isurtzen duena».

23 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

24 «Gizaseme, esan Jerusalemi garbitu gabeko lurraldea dela, nire haserrearen eraginez euririk izan ez duen lurraldea bezalakoa.

25 Bertako buruzagiak harrapakina sarraskitzen duen lehoi orrolaria bezalakoak dira: jendea irensten dute, altxorrak eta ondasunak lapurtzen, alargunak ugaltzen hirian.

26 Apaizek nire legea hausten dute eta nire gauza santuak profanatzen; ez dute bereizten sakratua eta profanoa, ez dute ezagutarazten garbiaren eta kutsatuaren arteko aldea; ez zaie axola nire larunbata; horrela, profanatu egiten naute.

27 Buruzagiak harrapakina urratzen duten otsoak bezalakoak dira: odola isurtzen eta jendea garbitzen dute, berak aberasteko.

28 Profetek, berriz, kareorez estaltzen dituzte hoben hauek guztiak; ikuskari hutsalak dituzte eta iragarpen faltsuak; “Jainko Jaunaren mezua” esaten dute, nik, Jaunak, hitzik egin ez dudanean.

29 Herriko jendeak bortizkeriak eta lapurretak egiten ditu; dohakabea eta behartsua ustiatzen dituzte, eta bere eskubidearen kontra gogor erabiltzen dute etorkina.

30 Herrialdea suntsi ez dezadan, babes-harresia eraiki eta beraren alde nire aurrean bitarteko izan zitekeen norbait bilatzen saiatu naiz haien artean, baina ez dut aurkitu.

31 Beraz, neure amorrua beraien gain isuri dut, neure suminaz suntsitu ditut, beraien jokabideak merezitako ordaina emanez. Nik, Jainko Jaunak, esana».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48