Ezekiel 39 EAB

Gog-en porrota

1 «Zuk, gizaseme, hitz egin nire izenean Gogen aurka eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Gog, zure kontra nator, Mexek eta Tubal herrien buruzagi nagusi horren kontra.

2 Itzularazi egingo zaitut, iparraldeko muturretik abiatzera behartu eta Israelgo mendietara ekarriko.

3 Zure ezkerreko eskuko uztaia apurtu eta eskuinekotik geziak eroraraziko dizkizut.

4 Israelgo mendietan eroriko zarete hilik, zu zeu, gudarostea eta lagun dituzun herriak. Hegazti harrapari eta basapiztien janari bihurtuko zaituztet.

5 Nik iragarri bezala, landa zabalean geldituko zarete hilda. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

6 Su emango diet Magogi eta itsas herriei, non lasai bizi baita jendea; orduan jakingo dute ni naizela Jauna.

7 Neure herri Israeli santu naizela aitorraraziko diot, eta ez diot utziko neure izen santua gehiago belzten. Orduan jakingo dute nazioek ni naizela Jauna, Israelen Santua.

8 Horra, badator iragarri dudan eguna, iristear dago. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

9 Orduan, Israelgo hirietako jendeak, irten, sua egin eta erre egingo ditu armak: babeski eta bular-oskolak, uztai eta geziak, lantza eta azkonak; zazpi urterako erregaia izango dute.

10 Ez dute landan egur bila edo basoetan egurketan ibili beharrik izango, arma horiekin egingo baitute sua. Beren harrapariak harrapakin bihurtuko dituzte eta larrutzaileak larrutu egingo. Nik, Jainko Jaunak, esana.

Gogen hilobia

11 «Egun hartan, Gogi leku bat emango diot hilobitzat Israelen, Bidaiarien bailaran —bidaiariei pasabidea mozten dien bailaran—, Itsaso Hilaren ekialdean. Gog eta gudaroste osoa lurperatuko dute han, eta Gogen gudarostearen bailara deituko dute aurrerantzean.

12 Israeldarrek zazpi hilabete beharko dituzte denei lur eman eta herrialdea garbi uzteko.

13 Herritar guztiek jardungo dute horretan; gogoangarri izango dute ni ospetsu agertuko naizen egun hori.

14 Gero, zazpi hilabeteak igarota, gizataldeak aukeratuko dituzte etengabe harat-honat ibil daitezen, lur gainean gelditutako gorpuak lurperatu eta herrialdea garbitzen.

15 Herrialdean zehar dabiltzala giza hezurren bat ikusten badute, harri-pilatxo bat jarriko dute ondoan, seinale gisa, hobiratzaileek Gogen gudarostearen bailaran lur eman arte.

16 Bada hiri bat ere Hamona —Gudaroste— izenekoa. Horrela, herrialdea garbi geldituko da.

17 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Gizaseme, esan hegazti eta basapiztia orori biltzeko, etortzeko alde guztietatik, Israelgo mendietan eskainiko diedan sakrifizioan parte hartzera; sekulako otordua izango da, okela jan eta odola edango dute;

18 gerlari adoretsuen haragia jan eta munduko buruzagien odola edango dute, Baxango ahari, arkume, aker eta zezen gizenena balitz bezala.

19 Asebete arte jango duzue haien okela guria eta mozkortu arte edango odola, zuentzat prestatzen ari naizen sakrifizio honetan.

20 Nire mahaian, zaldien eta zaldizkoen, gerlari adoretsu eta mota guztietako soldaduen haragiz asebeteko zarete.

21 Horrela, neure aintza agertuko diet nazioei, eta nazio guztiek ikusiko dute nola juzgatu eta beteko dudan epaia.

22 Egun horretatik aurrera, jakingo dute israeldarrek ni naizela Jauna, beraien Jainkoa.

Ezekielen predikuaren laburpena

23 «Jakingo dute nazioek bere erruengatik erbesteratu zutela Israel, desleial izan zitzaidalako; horregatik, bizkarra eman nien, etsaien esku utzi eta gerran erori ziren denak.

24 Beren kutsadura eta errebeldiak merezi bezala erabili nituen; horregatik eman nien bizkarra.

25 Baina hau diot nik, Jainko Jaunak: Orain, Jakoben herriaren zoria aldatuko dut: gupidaz hartuko dut Israel herri osoa eta erbestetik itzularaziko, neure izen santuaren ohoreaz arduraturik.

26 Beren lurraldean, inork izutu gabe, seguru biziko direnean, nire kontra egin dituzten lotsagarrikeria eta desleialkeria guztiak ahaztuko dituzte.

27 Atzerritarren artetik etorrarazi eta etsaien herrialdeetatik bilduko ditudanean, beraien bidez neure santutasuna agertuko dut nazio askoren aurrean.

28 Orduan jakingo dute ni naizela Jauna, beren Jainkoa, nazio artera erbesteratu ondoren, beren lurraldean elkartuko baititut berriro, bat bera ere han utzi gabe.

29 Ez diet gehiago bizkarra emango, neure espiritua isuriko baitut Israel herriaren gain. Nik, Jainko Jaunak, esana».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48