Ezekiel 36 EAB

Israel eraberrituko

1 «Gizaseme, hitz egin nire izenean Israelgo mendiei eta esan entzuteko

2 nik, Jainko Jaunak, adierazten diedan mezua: “Bai ederki! —zioen etsaiak zuei buruz—. Antzinako mendion jabe bihurtu gara”.

3 Horregatik, hitz egin nire izenean eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Hondaturik utzi zaituztete eta zuek berenganatzeko irrikaz zeuden beste nazioak zuetaz jabetu dira, isekaz eta irainez bete zaituztete;

4 horregatik, Israelgo mendiok, entzun nik, Jainko Jaunak, zuei guztioi —mendi eta muino, erreka eta haran, hondaturiko toki eta hutsik zaudeten hiri, inguruko nazio guztien harrapakin eta iseka-gai izan zaretenoi— adierazten dizuedan mezua:

5 Jakizue ongi, suminaren suminez mintzo naiz beste nazio guztien aurka, Edomen kontra batez ere; pozez gainezka eta mespretxu biziz nire herrialdeaz jabetu baitziren, bertako lurrak pipiltzeko.

6 «Beraz, hitz egin nire izenean Israel lurraldeari, eta adierazi mendi eta muinoei, erreka eta haranei, nik, Jainko Jaunak, diodana: Suminaren suminez eta amorruz mintzo naiz beste nazioek egin dizueten laidoarengatik.

7 Horregatik, zinez agintzen dut nik, Jainko Jaunak, zuen inguruko nazioek ere beren laidoa jasoko dutela.

8 Eta zuek, Israelgo mendiok, landareak sortuko dituzue eta fruituak emango nire herri Israelentzat, laster itzuliko baita.

9 Bai, zuek babesteko nago ni hemen: landu egingo zaituztete eta erein.

10 Zuen jendea ugalduko dut, Israel herri osoa. Hiri hondatuak berreraiki eta berriz jendea biziko da berorietan.

11 Zuen gizaki eta abereak ugalduko ditut, umeak sortu eta ugaldu egingo dira. Lehen bezain jendetsu egingo zaituztet, eta lehen baino ere egoera hobean jarriko; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.

12 Israelgo mendiok, nire herritarrak zuen gainetik ibilaraziko ditut; lurraldeaz jabetuko dira eta beren ondare izango dute; herrialdea ez da berriz seme-alabarik gabe geldituko.

13 Hau diot nik, Jainko Jaunak: Israel lurraldeak gizakiak irensten eta herria jenderik gabe uzten duela esan izan dute.

14 Baina aurrerantzean ez duzu gizakirik irentsiko, ezta herria jenderik gabe utziko ere. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

15 Ez duzu entzun beharko atzerritarren irainik, ezta beste herrien isekarik jasango ere; ez duzu zeure herria jenderik gabe utziko. Nik, Jainko Jaunak, esana».

16 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

17 «Gizaseme, artean beren herrialdean bizi zirenean, israeldarrek kutsatu egin zuten lurraldea beren jokabide eta egintza txarrez; kutsatua zen haien portaera, hilerokoan botatako odola bezain kutsatua.

18 Beraz, odola isuri eta herrialdea idolatriaz kutsatu zutelako, neure sumina isuri nuen haien gainera.

19 Atzerriko nazio eta herrialdeen artean sakabanatu nituen, beren jokabide eta egintza txarren arabera epaitu.

20 Eta nazio haietara iritsi zirenean ere, nire izen santua belztu zuten, jendea zera esatera bultzatuz: “Jaunaren herria dira, baina beren lurraldetik irten behar izan dute!”

21 Orduan, neure izen santua garbitu nahi izan nuen, israeldarren erruz, beraiek zeudeneko nazioetan belztua baitzegoen.

22 Beraz, adierazi Israel herriari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Ez dut hau zuengatik, israeldarrongatik, egiten, baizik eta zuek egon zareteneko nazioetan belztu duzuen nire izenaren ohoreagatik.

23 Nazio horietan egon bitartean zuek belztutako neure izen handiaren santutasuna agertuko dut beraien aurrean. Eta zuen bidez nire santutasuna beraien aurrean agertuko dudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

24 Nazio eta herrialde horietatik guztietatik bilduko zaituztet, eta zeuen lurraldera eramango.

25 Ur garbiz zipriztinduko zaituztet eta garbi geldituko zarete; zuen kutsadura eta idolatria guztietatik garbituko zaituztet.

26 Bihotz berria emango dizuet eta espiritu berria ezarriko: harrizko bihotza kenduko dizuet eta haragizkoa emango.

27 Neure espiritua ezarriko dut zuengan, nire legeen arabera jokatzeko eta nire aginduak arretaz betetzeko gai bihurtuz.

28 Zuen arbasoei eman nien lurraldean biziko zarete; nire herri izango zarete eta ni zuen Jainko.

29 Zeuen kutsadura guztietatik libratuko zaituztet, garia erne eta ugalaraziko dut, ez dizuet berriro gosea pasatzen utziko.

30 Arboletako fruituak eta soroetako uztak ugalaraziko ditut, beste nazioen aurrean gosearen lotsa jasan beharrik izan ez dezazuen.

31 Zeuen jokabide gaiztoa eta egintza txarrak gogoratuko dituzue; zeuen buruaz nazka sentituko duzue zeuen erru eta jokabide higuingarriengatik.

32 Hau diotsuet nik, Jainko Jaunak: Jakizue ongi, ez dut honela zuengatik jokatzen. Israeldarrok, zeuek egon behar duzue lotsaz gorri zeuen jokabideagatik.

33 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeuen erru guztietatik garbituko zaituztedanean, hiri hondatuak berreraiki eta bizilagunez beteko ditut.

34 Berriro landuko dira lur hondatuak eta bidaiariek ez dute aurrerantzean lur landugaberik ikusiko.

35 Orduan esango dute: “Hondatua zegoen lurralde hau Edengo baratzea bezala dago orain. Hondatuak, erraustuak eta eroriak zeuden hiriak gotorturik daude eta jendez beterik”.

36 Eta zuen inguruan gelditutako herriek orduan jakingo dute ni naizela Jauna, hiri eroriak berreraiki eta lur erraustuak berriro landatzen dituena. Nik, Jaunak, esandakoa bete egiten dut.

37 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Gainera, laguntza eske niregana etortzen utziko diet israeldarrei eta artaldea bezala ugalaraziko ditut.

38 Festaburuetan Jaunari sagaratzeko Jerusalemera eramaten diren ardiak bezain ugari izango dira hiri hondatuak beteko dituzten gizataldeak; orduan jakingo dute denek ni naizela Jauna».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48