15 Neure sumindura guztia hustuko dut hormaren eta kareorez estali dutenen aurka. Esango dizuet: Kito harresia! Kito kareorez estaltzen zutenak!
16 Kito Israelgo profetak, Jerusalemi nire izenean hitz egin eta, bakerik ez zegoenean, bake-ikuskariak azaltzen zizkiotenak! Nik, Jainko Jaunak, esana.
17 «Entzun, gizaseme, eman aurpegi zeure herriko emakumeei, beren kabuz profetagintzan diharduten horiei, eta hitz egin nire izenean horien kontra.
18 Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zoritxarrekoak, aztikeriaz jendearen gogoa menderatzeko, jende guztiarentzako eskumuturrekoak eta tamaina guztietako txanoak josten dituzuenok. Nire herriko jendea zeuenganatu nahi duzue zeuen probetxurako.
19 Neure herriaren aurrean profanatzen nauzue esku bete garagar eta ogi-zati batzuengatik; honela, engainatu egiten duzue sineskorra den nire herria, hiltzea merezi ez zutenak hilaraziz eta bizitzea merezi ez zutenak biziaraziz.
20 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Hemen nauzue, jendea txoriak bezala harrapatzeko erabiltzen dituzuen lakio horien kontra. Nik desegingo ditut eskumuturreko horiek eta libre joaten utziko zuek menpean harrapaturiko jendeari.
21 Nik zarrastatuko ditut zuen txanoak eta libratuko zuen eskuetatik neure herria, eta ez dira aurrerantzean zuen harrapakin izango; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.