3 Adierazi berari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Jerusalem! Kanaandarra zara jatorriz eta jaiotzaz; aita amortarra zenuen, ama hitita.
4 Jaio zinen egunean, ez zizuten zilborrestea ebaki, ez zintuzten uretan garbitu, ezta gatzez igurtzi edo zapitan bildu ere.
5 Inor ez zen zutaz errukitu, gupidaz gauza horietako bat ere egiteko. Ematen zenuen nazkarengatik, landa zabalera bota zintuzten jaio zinen egunean.
6 «Zure ondotik pasatzean, odoletan ikusi zintudan mugitzen eta, odoletan etzanik zeundela, esan nizun: “Bizi! Bizi zaitez!”
7 Zelaietako belarra bezain mardul hazarazi zintudan; hazi, handia egin eta sasoira iritsi zinen: bularrak hazi zitzaizkizun eta biloxka atera; baina jantzirik gabe zeunden, larrugorrian.
8 Zure ondotik berriro pasatu eta amodio-garaian zeundela ikusi nuen. Zure gorputz biluzia estali eta zutaz arduratu nintzen; ezkontza-hitzarmena egin nuen zurekin eta nirea izan zinen. Honela diot nik, Jainko Jaunak.
9 Uretan garbitu zintudan, estaltzen zintuen odola kenduz, eta olio usaintsuz lurrindu.