14 «Demagun bigarren honek semea duela, aitak egin dituen bekatu guztiak ikusita ere, berdin jokatzen ez duena:
15 ez du sasikultu-lekuetako otorduetan parte hartzen, ezta uste ona jartzen ere Israelgo idoloetan; ez du lagun hurkoaren emaztea desohoratzen;
16 ez du inor zapaltzen, ezta bahituran hartua beretzat gordetzen edo lapurretarik egiten ere; jatekoa ematen dio gosetuari eta jantzia biluzik dagoenari;
17 ez du esku hartzen bidegabekerian; ez du mailegurik lukurreriaz edo interesak kobratzeko egiten; nire erabakiak bete eta nire legeen arabera ibiltzen da. Hori ez da hilko aitaren erruarengatik; aitzitik, bizi egingo da.
18 Aitak, ordea, zapalkuntzak eta lapurretak egin eta bere herritarrak gaizki erabili zituen; beraz, bere erruarengatik hilko da.
19 «Galdetuko duzue: “Zergatik ez du semeak aitaren errua bere gain hartzen?” Baina semeak zuzenbidez eta justiziaz jokatu du, nire lege guztiak betetzen saiatu da; bizi egingo da, beraz.
20 Bekatu egiten duena, hori hilko da; semeak ez ditu aitaren erruaren ondorenak jasan beharko, ezta aitak ere semearenak. Gizon zintzoari bere zintzotasunaren ordaina emango zaio, gaiztoari bere gaiztakeriarena.