20 Bekatu egiten duena, hori hilko da; semeak ez ditu aitaren erruaren ondorenak jasan beharko, ezta aitak ere semearenak. Gizon zintzoari bere zintzotasunaren ordaina emango zaio, gaiztoari bere gaiztakeriarena.
21 «Gaiztoari dagokionez, egin dituen bekatu guztietatik aldentzen bada, nire lege guztiak bete eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu, bizi egingo da, bai, eta ez da hilko.
22 Ez dut gogoratuko egindako gaiztakeriarik, baizik eta bere egintza zuzenengatik biziko da.
23 Hau diot nik, Jainko Jaunak: Atsegin dudala uste al duzue gaiztoa hiltzea eta ez jokabidez aldatu eta bizitzea?
24 «Zintzoari dagokionez, berriz, bere justiziatik aldendu eta, gaiztoak egin ohi dituen gauza higuingarri guztien antzera, txarkeria egiten badu, bizi egingo ote da, halere? Haren egintza zuzenak ez ditut gogoan hartuko. Egin dituen desleialkeria eta bekatuengatik hil egingo da.
25 «Esango duzue: “Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea”. Entzun, israeldarrok: Nire jokabidea ez dela bidezkoa? Zuena da bidezkoa ez dena.
26 Zintzoa, bere justiziatik aldendu, txarkeria egin eta hiltzen denean, egin duen txarkeriagatik hiltzen da.