5 «Nire mezu hau adieraziko diezu: Israel aukeratu nuen egunean, zin eginez lotu nintzaien Jakoben ondorengoei: neure burua ezagutarazi nien Egipto herrialdean eta, zin eginez, Jauna, beraien Jainkoa, izango nintzela agindu nien.
6 Egun hartan, Egiptotik aterako nituela agindu nien zin eginez, eta beraientzat aukeratua nuen herrialdera, esnea eta eztia darizkion lurraldera, guztien artean ederrenera, eramango nituela.
7 Hau eskatu nien: “Bazter itzazue liluratzen zaituzteten Egiptoko idolo higuingarriak, ez zaitezte horiekin kutsa; neu naiz Jauna, zuen Jainkoa”.
8 Baina nire kontra altxatu eta ez zidaten entzun nahi izan; inork ez zituen baztertu Egiptoko idolo higuingarriak, haien lilurapean baitzeuden. Orduan, neure haserre-sumina beraien gain, Egipton bertan, hustu arte isurtzea pentsatu nuen.
9 Halere, ez nuen egin, baizik eta neure izenaren ohorez jokatu nuen, nire izena belztua izan ez zedin israeldarrak bizi zireneko nazioen artean, hauen aurrean agertu bainintzaien haiei Egiptotik atera nituenean.
10 «Beraz, Egiptotik atera eta basamortura eraman nituen.
11 Neure legeak eman nizkien eta erabakiak ezagutarazi, betetzen dituenari bizia ematen diotenak.