6 Mendi eta muinoetan noraezean dabil nire artaldea; lurralde osoan dago sakabanatua, eta inor ez da berorretaz arduratu eta bila joaten.
7 Horregatik, artzainok, entzun nire, Jainko Jaun honen, mezua:
8 Ala ni, Jainko Jauna! Nire artaldea larrutua eta basapiztia guztien harrapakin izan da artzainik ez zuelako, eta artzainak ez dira nire artaldeaz arduratu; aitzitik, artzainek beren buruak zaindu dituzte eta ez nire artaldea;
9 beraz, artzainok, entzun nik, Jainko Jaunak, diodana:
10 Artzainen kontra ekingo diot: neure artaldea itzultzera behartuko ditut eta artzain-kargutik botako, ez dituzte aurrerantzean beren buruak bazkatuko; horien hortz artetik aterako ditut ardiak eta ez dituzte berriro elikagai izango.
11 Hau baitiot nik, Jainko Jaunak: Ni neu egingo naiz artaldearen kargu, neu arduratuko hartaz.
12 Artaldea sakabanatu zaionean, artzaina bere ardiez arduratzen den bezala, halaxe arduratuko naiz ni neure ardiez; egun lainotsu eta ilunean sakabanaturiko leku guztietatik aterako ditut.