23 Nazio horietan egon bitartean zuek belztutako neure izen handiaren santutasuna agertuko dut beraien aurrean. Eta zuen bidez nire santutasuna beraien aurrean agertuko dudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna. Honela diot nik, Jainko Jaunak.
24 Nazio eta herrialde horietatik guztietatik bilduko zaituztet, eta zeuen lurraldera eramango.
25 Ur garbiz zipriztinduko zaituztet eta garbi geldituko zarete; zuen kutsadura eta idolatria guztietatik garbituko zaituztet.
26 Bihotz berria emango dizuet eta espiritu berria ezarriko: harrizko bihotza kenduko dizuet eta haragizkoa emango.
27 Neure espiritua ezarriko dut zuengan, nire legeen arabera jokatzeko eta nire aginduak arretaz betetzeko gai bihurtuz.
28 Zuen arbasoei eman nien lurraldean biziko zarete; nire herri izango zarete eta ni zuen Jainko.
29 Zeuen kutsadura guztietatik libratuko zaituztet, garia erne eta ugalaraziko dut, ez dizuet berriro gosea pasatzen utziko.