7 Nire tenplua profanatzen ari zarete, oparietan neuri dagokidana —gantzak eta odola— eskaintzean, atzerritarrak, jende erdaingabe eta sinesgogor hori, bertara sarraraziz; horrela, nire ituna hautsi duzue zeuen jokabide higuingarriarekin.
8 Nire santutegiko liturgi zerbitzua bera ere atzerritarren esku utzi duzue.
9 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Berriro ez da atzerritarrik, jende erdaingabe eta sinesgogorrik, nire santutegira sartuko, nahiz eta israeldarren artean bizi.
10 «Lebitarrei dagokienez, berriz, beren erruaren ondorioak jasan beharko dituzte; horiek ere baztertu egin baininduten, Israel herria niregandik aldendu zenean berorren idoloen atzetik joateko.
11 Horiek tenpluko ateak zaintzeaz arduratuko dira, eta beste zenbait zerbitzu beteko; beroriek hilko dituzte erre-oparietako abereak eta herriaren beste sakrifizioetakoak; herriaren zerbitzura egongo dira.
12 Izan ere, herriaren zerbitzura egon dira idoloak gurtzean, israeldarrei bekatu eraginez; horregatik, berorien kontra ekingo diot, beren erruaren ondorioak jasan beharko dituzte. Honela diot nik, Jainko Jaunak.
13 Ez dira niregana hurbilduko apaiz-zerbitzuan jarduteko, ezta nire gauza sakratuetara ere hurbilduko, eta are gutxiago guztiz sakratu direnetara. Izan duten jokabide higuingarriaren ondorio lotsagarriak jasan beharko dituzte.