Salmoak 18 EABD

Errege garailearen gorazarrea

1 Koru-zuzendariarentzat. David Jaunaren zerbitzariarena. Jaunak bere etsai guztietatik eta Saulen eskuetatik askatu zuenean, gorazarre hau kantatu zion Davidek.

2 Maite zaitut, Jauna, nire indar!

3 Jauna da nire haitza, nire geriza, bera nire askatzailea;ene Jainko, nire harkaitz babesgarria,nire babeski eta indar salbatzailea, nire gotorlekua.

4 Goretsia zu! Dei egin nion Jaunari,eta etsaiengandik salbatu ninduen.

5 Herio-lokarriek estutu ninduten,uholde gaiztoek ikaratu;

6 Herio Leizeko lokarriek ninduten lotu,herio-sareek harrapatu.

7 Larrialdian dei egin nion Jaunari, deiadar ene Jainkoari.Eta aditu zuen bere tenplutik nire oihua,haren belarrietaraino heldu zen nire deiadarra.

8 Ikaratu zen lurra eta dardaratu, mendien oinarriak mugitu,Jainkoaren haserreak baitzituen astindu.

9 Kea zerion sudurretik,su kiskalgarria, ikatz goriak ahotik.

10 Ireki zuen zerua eta jaitsi zen,oinpean hodei-lainoa zekarren.

11 Hegan zihoan hegaldun izakien gainean,haize-hegaletan agertu zen.

12 Gordelekutzat hartu zituen ilunpeak,etxola gisa bere inguruan hodei-laino euritsuak.

13 Haren aurreko distiraz,tximista eta sugarrezko ikatz goribihurtzen ziren hodeiak.

14 Ortzitik trumoia joarazi zuen Jaunak,deiadar egin Goi-goikoak:tximista eta ikatz goriak sugarretan!

15 Geziak jaurtiz sakabanatu zituen,tximista eginez ihes eragin.

16 Itsas hondoa agertu zen,lurraren oinarriak agerian jarriJaunaren orroaz, haren haserre-ziztuaz.

17 Goitik eskua luzatuz hartu nindueneta uholdetik atera.

18 Etsai indartsuagandik salbatu ninduen,ni baino indartsuago ziren arerioengandik.

19 Lur joa nengoenean eraso zidaten,baina Jauna izan nuen euskarri.

20 Zabaldira atera ninduen, maite nauelako libratu.

21 Neure zuzentasunaren ordaina eman dit Jaunak,neure jokabide garbiaren saria.

22 Jaunaren bideari jarraitu baitiot,ez naiz Jainkoarengandik urrundu.

23 Haren aginduak oro aurrean izan ditut beti,ez naiz saihestu haren arauetatik.

24 Haren aurrean zintzo izan naiz,ez dut batere bekaturik egin.

25 Neure zuzentasunaren ordaina eman dit Jaunak,beraren begietan garbi jokatu dut eta.

26 Leialarentzat leial zara, zintzoarentzat zintzo,

27 asmo garbikoarentzat garbi, asmo txarrekoarentzat zorrotz.

28 Zuk duzu herri zapaldua salbatzeneta harroputzen handikeria makurrarazten.

29 Zuk egiten didazu argi, zuk, Jauna, ene argi-zuzi horrek;ene Jainko, zuk argitzen duzu nire ilunpea.

30 Zure laguntzaz ihes eragiten diot gudari-taldeari,zurekin, ene Jainko, harresiak igarotzen gainetik.

31 Jainkoaren bidea on-ona, Jaunaren hitza sinesgarria.Bera da harengana jotzen dutenen babesa.

32 Nor Jainko, Jauna izan ezik?Nor harkaitz babesle, gure Jainkoa izan ezik?

33 Jainkoak indarrez janzten nau, bide zuzenetik ibilarazten.

34 Oreinarenak bezain arin dizkit oinak egin,eta neure tontorretan sendo nau ezarri.

35 Trebatzen dizkit eskuak gudurako,eta besoak brontzezko uztaia tenkatzeko.

36 Babeskiak bezala gorde nauzu eta salbatu,zure eskuak eutsi dit; erantzun didazu eta indartsu egin.

37 Bidea zabalagotu didazu eta nire oinak ez dira oztopatu.

38 Etsaiak pertsegitu nituen eta harrapatu,eta ez nintzen itzuli denak suntsitu arte.

39 Desegin nituen, ezin izan ziren berriro jaiki,nire oinazpira erori ziren.

40 Indarrez jantzi ninduzun gudurako,menpean jarri zenizkidan arerioak.

41 Nire etsaiak ihesi jarri zenituen,gorroto nindutenak hondatu nituen.

42 Deiadar egin zuten, baina inork salbatu ez;Jaunarengana jo, baina hark entzun ez.

43 Haizeak daraman hautsa bezala xehatu nituen,kaleko lokatza bezala oinpean zapaldu.

44 Ene herriaren liskarretatik atera ninduzun,atzerritarren buruzagi izendatu.Herri ezezaguna jarri zitzaidan zerbitzari,

45 entzuten zidaten eta esana betetzen,arrotzek lausengatzen ninduten.

46 Atzerritarrak kikildu egin ziren,eta beren gordelekuetatik dardaraka irten.

47 Gora Jauna, bedeinkatua ene harkaitza!Goretsia ene Jainko salbatzailea!

48 Ene Jainko, zuk mendekatu nauzu,herriak menpean jarri dizkidazu.

49 Etsaiengandik libratu nauzu,oldartzen zaizkidanen gainetik jaso,gizon zakarrarengandik askatu.

50 Horregatik, Jauna, atzerritarren artean goresten zaitut,zure omenez kantatzen dut.

51 Garaipen handiak eman dizkio bere erregeari,maitasunez jokatu du bere gantzutuarekin,Davidekin eta beraren ondorengoekin betiko.