Salmoak 78 EABD

Historiaren ikasbideak

1 Asafen poema.Entzun, ene herri, nire irakaspena,makur belarria nire esanetara.

2 Alegia bidez mintzatuko naiz,lehengo garaien ikasbideak azalduz.

3 Guk entzun eta jakindakoak, gurasoek kontatu zigutena,

4 Jaunaren egintza goresgarriak,haren garaipena eta egin dituen mirariakez dizkiegu ezkutatuko geure haurrei,baizik eta datorren belaunaldiari kontatuko.

5 Xedapenak ezarri zizkion Jakoben herriari,legea eman Israeli:hauek beren haurrei irakasteko agindu zien gure gurasoei,

6 hurrengo gizaldiek, geroko haurrek, jakin zitzaten;eta hauek, beren aldetik, beren ondorengoei kontatuko zieten.

7 Horrela, Jainkoarengan jarriko zuten konfiantza;haren egintza handiak ahaztu gabe,haren aginduak beteko zituzten.

8 Ez ziren izango beren gurasoen antzeko:jende ez-esaneko eta errebeldea,gizaldi bihotz-arina, Jainkoarekiko barru desleialekoa.

9 Efraimen leinuko arkulariek, ongi armaturik egon arren,bizkarra erakutsi zuten guda-egunean;

10 izan ere, Jainkoaren ituna ez zuten gorde,ez zioten haren legeari jarraitu nahi izan;

11 ahaztu egin zituzten haren egintza handiak,hark erakutsi zizkien mirariak.

12 Mirariak eginak zituen haien gurasoen begi aurreanEgipton, Tanisko lurraldean.

13 Itsasoa erdibi egin zuen haiek pasatzeko,horma bat bezala urei tinko eutsiz.

14 Lainoaz gidatu zituen egunez, su-argiz gauez.

15 Basamortuan harkaitza zulatu zuen,lurpeko uretatik edanarazteko.

16 Harkaitzetik ur-lasterrak atera zituen,ura ibaika isurarazi.

17 Baina haiek Jainkoaren kontra bekatuan jarraitu zuten,basamortuan Goi-goikoaren aurka altxatu ziren.

18 Jainkoa probatu nahi izan zuten,gogoak ematen zien jatekoa eskatuz.

19 Jainkoaren aurka hitz egin zuten:«Gauza ote da Jainkoa guri basamortuan otordua emateko?

20 Egia, harkaitza jo eta ibaika isuri du ura;baina gauza ote da ogia emateko,bere herriari okela eskaintzeko?»

21 Hori entzutean, Jauna biziki haserretu zen:sumina piztu zitzaion Jakoben herriaren aurka,Israelen aurka;

22 ez baitzuten sinesten beren Jainkoarengan,ez ziren fio haren salbamen-asmoaz.

23 Orduan, goi-lainoei agindua emaneta zeruko ateak ireki zituen;

24 mana isuri zien janari, zeruko garia eman:

25 aingeruen ogia jan zuten gizakiek,Jainkoak janariz ase zituen.

26 Gero, eguzki-haizea aterarazi zuen zerutiketa hego-haizea bidali bere gotorlekutik.

27 Okela isuri zien hautsa bezain ugari,hegaztiak itsas hondarra bezain oparo,

28 kanpalekura bertara erorarazi zituen,oihal-etxolen ingurura.

29 Asebetean jan zuten; eman zien Jainkoak irrika zutena.

30 Baina beren irrika ase orduko,artean janaria hagin artean zutela,

31 Jainkoaren haserreak eraso zien,haietako indartsuenak hil zituen, Israelgo hoberenak eraitsi.

32 Hala eta guztiz ere, bekatuan jarraitu zuten;mirariak eta guzti, ez zuten Jainkoarengan sinetsi.

33 Beraz, lurrina bezala itzali zuen haien bizia,amets-irudipena bezain arin.

34 Baina Jainkoak haiek hiltzea erabakitzen zuen orduko,harengana jotzen zuten,damutu eta hura bilatzen saiatzen ziren,

35 Jainkoa zutela beren harkaitza oroituz,goi-goiko Jainkoa zutela beren askatzailea;

36 baina ahoan zurikeria besterik ez zuten,mihiaz engainatu egiten zuten;

37 ez zeuden bihotzez hari atxikiak,ez zioten haren itunari fede ematen.

38 Jainkoak, hala ere, bihozbera izaki eta,errua barkatzen zien, eta suntsitzen ez.Sarri eutsi zion haserreari,bere sumin guztiari jaregin gabe.

39 Oroitzen baitzen gizaki huts zirela,airean galtzen den arnasa baino ez.

40 Zenbat aldiz altxatu zitzaizkion kontra basamortuan,zenbat aldiz atsekabetu zuten bakarlekuan!

41 Behin eta berriro zuten Jainkoa probatzen,Israelen Santua zirikatzen.

42 Ez zuten gogoratzen haren eskuak egina,etsaiarengandik askatu zituenekoa:

43 nolako mirariak egin zituen Egipton,nolako egintza harrigarriak Tanisko lurraldean;

44 hango ibai-errekak odol bihurtu zituen,eta egiptoarrek bertatik edan ezin;

45 ezpateuliak bidali zituen haiek irensteko,igelak dena hondatzeko;

46 haien uztak matxinsaltoei eman zizkien,lanaren fruituak larrapoteei;

47 haien mahastiak kazkabarraz suntsitu zituen, pikondoak izotzaz;

48 haien abelgorriak harriaz galdu zituen, artaldeak tximistaz;

49 gainera hustu zien bere haserre-sua,bere sumin, amorru eta suntsipena: zoritxar-mandatari taldea,

50 bere haserreari bidea libre uzteko.Ez zituen heriotzatik gorde,haien bizia izurriaren menpe utzi zuen.

51 Egiptoko lehen-seme guztiak jo zituen,egiptoarren gizontasunaren lehen fruituak.

52 Orduan, artzainak ardiak bezala aterarazi zuen bere herria,artaldea bailiran eraman basamortuan zehar.

53 Seguru gidatu zituen, beldurrik gabe;haien etsaiak, berriz, itsasoak estali zituen.

54 Bere lurralde santura eraman zituen,berak eskuratutako mendiraino.

55 Beste herriak bota egin zituen haiek iristean,eta lurraldea Israelgo leinuei banatu zien ondaretzat,bertan bizi zitezen.

56 Haiek, ostera, goi-goiko Jainkoa probatu zuten,haren kontra altxatuz;haren xedapenak ez zituzten gorde.

57 Alde batera utzi zuten eta traizio egin, gurasoek bezala;uztai txarrak bezala huts egin.

58 Muinoetako sasikultuekin sumindu egin zuten,beren sasijainkoekin jeloskor jarri.

59 Hargatik, Jainkoa haserretu egin zeneta Israel erabat zapuztu;

60 bertan behera utzi zuen Xiloko egoitza,gizartean bizitzeko eraiki zuen etxola.

61 Etsaien esku utzi zuen kutxa santua,Israelek bere indar eta ospe zuena.

62 Ezpataren menpe utzi zuen bere herria,bere ondaretzat aukeratua zuenarekin haserre.

63 Mutilak suak irentsi zituen, neskatxentzat eztei-kantarik ez.

64 Apaizak ezpataz erori ziren, eta alargunek hiletarik jo ez.

65 Halako batean, esnatu zen Jauna lotatik bezala,ardoaren eraginpean egondako gudariaren antzera.

66 Etsaiak atzetik harrapatu eta jo egin zitueneta behin betiko porrokatu.

67 Joseren familia baztertu egin zuen,Efraimen leinua alde batera utzi;

68 Judaren leinua aukeratu zuen,Sion mendia, bere maitea.

69 Zeru garaiaren antzeko eraiki zuen bere santutegiaeta lurra bezala sendo oinarritu betiko.

70 David aukeratu zuen zerbitzari, artegitik harturik;

71 ardien artzain zena, bere herri Jakoben,bere ondare Israelen artzain egin zuen.

72 Bihotz zintzoz zaindu zituen, esku trebez eraman.