1 Kanta. Asafen salmoa .
2 Oi Jainko, ez egon isilik, ez egon geldi eta mutu!
3 Horra zure etsaiak asaldaturik,gorroto dizutenak burua jasorik.
4 Zure herriaren kontra egitasmo maltzurrak dituzte,zuk babestuen kontra elkar hartu dute.
5 Hau diote: «Ea, suntsi ditzagun herri gisa!Ez bedi aipa gehiago Israelen izenik!»
6 Denek azpikerian bat egin dute, zure kontra hitzartu:
7 edomdar eta ismaeldarrek, moabdar eta hagartarrek,
8 Gebal, Amon eta Amalekek, filistear eta tiroarrek.
9 Asiriarrak ere elkartu zaizkie,Loten ondorengoei laguntza eskainiz.
10 Egiezu madiandarrei egina bera,Sisera eta Jabini egina, Kixon erreka ondoan.
11 Endorren suntsitu zituzten,eta lurrarentzat simaur bihurtu ziren.
12 Trata itzazu haien handikiak Oreb eta Zeeb bezala,haien buruzagiak Zebah eta Tzalmuna bezala.
13 Honela zioten:«Har ditzagun geuretzat Jainkoaren lurraldeak!»
14 Ene Jainko, eraman itzazu zurrunbiloan hautsa bezala,haize-boladak lastoa bezala.
15 Basoa erretzen duen suaren antzera,mendiak kiskaltzen dituen sugarraren antzera,
16 pertsegi itzazu zeure ekaitzaz, izutu zeure haize-erauntsiaz.
17 Bete haien aurpegia lotsa gorriz,zeure burua mendekatuz, Jauna.
18 Betiko izu-ikaraz eta lotsaz beterik, gal bitez desohorez!
19 Jakin bezate zu, zu bakarrik, zarela Jauna,zu bakarrik lur guztiaren gain Goi-goikoa.