1 Koru-zuzendariarentzat. «Jedutun » en doinuaz. Asafen salmoa.
2 Goraki degiot Jainkoari deiadar,goraki deiadar, entzun diezadan.
3 Neure larrialdian, Jaunarengana jotzen dut,gauez aspertu gabe besoak luzatzen,pozbide orori uko eginez.
4 Jainkoaz oroiturik, intziri dagit,hartaz pentsatzean, adorea galtzen dut.
5 Ez didazu uzten, Jauna, begirik biltzen,nahasturik nago, ez dakit zer esan.
6 Aspaldiko garaiez gogoratzen naiz,antzinako urteez oroitzen;
7 gauez kantu-leloa datorkit gogora,barrutik hausnarrean eta neurekiko galdezka ari naizela:
8 «Jaunak betiko baztertuko ote gaitu?Ez ote digu sekula berriz mesede egingo?
9 Amaitu ote erabat haren maitasuna?Bukatu ote betiko haren agintzaria?
10 Jainkoa bere gupidaz ahaztu ote da?Haserrez bihotza itxia ote du?»
11 Eta neurekiko diot: «Hauxe nire gaitza:Goi-goikoaren jokabidea aldatu egin dela».
12 Gogoan ditut, Jauna, zure egintza handiak,gogoan, bai, zure aspaldiko mirariak.
13 Zuk egindako guztiak buruan darabiltzat,zure egintza handiak hausnartzen ditut.
14 Santua da, oi Jainko, zure jarduera!Zein jainko zu bezain handi?
15 Zu zara mirariak egin dituen Jainko bakarra,zuk erakutsi diezu herriei zeure indarra.
16 Zeure indarraz askatu zenuen herria,Jakoben eta Joseren ondorengoak.
17 Itsasoak zu ikusi orduko, oi Jainko,itsasoak zu ikusi orduko, dardara egin zuen,itsas leizeak ikara.
18 Hodeiek euri-jasak bota zituzten,lainoek trumoia jo, zure geziak han-hemen bristadaka.
19 Zure trumoi-burrunbak zeruan jotzean,oinaztarriek mundua argitu zuten,lur-barrenak ikara eta dardara egin.
20 Itsasoan zehar igaro zinen, ur handien artetik oinez,baina inork zure aztarnarik aurkitu ezin.
21 Artaldea bezala eraman zenuen zeure herria,Moises eta Aaronen eskutik.