Jeremias 16 EAB

Jeremiasen bizitza herriarentzat seinale

1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2 «Ez hartu emazterik eta ez izan seme-alabarik herrialde honetan.

3 Nik, Jaunak, esango dizut zer gertatuko zaien herrialde honetan jaioko diren seme-alabei eta bizia emango dieten gurasoei.

4 Modu ikaragarrian hilko dira eta ez dute hiletarik, ez hilobirik izango: simaurra bezala geldituko dira lurrazalean. Gerrak eta goseak hilko ditu, eta gorpuak hegazti harrapariek eta basapiztiek jango dituzte».

5 Hau ere esan zidan Jaunak: «Ez joan hiletak egiten ari diren etxera, doluan parte hartzeko eta atsekabean lagun egiteko: ukatu egin baitizkiot herri honi neure bakea, maitasuna eta errukia.

6 Txiki eta handi, denak hilko dira herrialde honetan; ez dute hiletarik, ez hilobirik izango; ez du inork dolua adierazteko gorputza urratuko, ez burua soilduko.

7 Ez da hileta-otordurik egingo hildakoaren senideak kontsolatzeko, ezta aitaren edo amaren heriotzan ere.

8 «Ez joan festa-otordua egiten ari diren etxera, bertakoekin jan-edatera.

9 Honela baitiot nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Isilaraziko ditut lurralde honetan, zuen begi-bistan, zuen egunetan, poz-alaitasunezko oihuak, senar-emaztegaien kantuak.

10 «Mezu hau herriari iragartzean, galdetuko dizute: “Zergatik erabaki du Jaunak hain zoritxar handia bidaltzea? Zein da gure errua, zein geure Jainko Jaunaren aurka egin dugun bekatua?”

11 Zuk erantzun nire partetik: Bada, zuen arbasoek ni bazterrera utzi eta beste jainkoen atzetik ibili izana, haiek zerbitzatuz eta gurtuz. Ni bazterrera utzi eta nire legea ez dute bete.

12 Eta zuek arbasoek baino okerrago jokatu duzue: nork bere joera gaiztoei setati jarraitu diezue, niri aditu gabe.

13 Horregatik, jaurti egingo zaituztet lurralde honetatik, ez zuentzat, ez zuen gurasoentzat ezaguna ez den lurraldera; han, beste jainko batzuk zerbitzatuko dituzue, gau eta egun; ez baitut gehiago zuen ardurarik izango».

Erbestetik itzuli

14 Jaunak dio: «Garai berria dator. Garai horretan, jendeak ez du honela zin egingo: “Ala Jauna, israeldarrak Egiptotik atera zituena!”;

15 baizik eta beste era honetan: “Ala Jauna, israeldarrak iparraldetik eta sakabanatu zituen herrialde guztietatik atera dituena!” Bai, berriro itzularaziko ditut beraien gurasoei eman nien lurraldera».

Errudunak zigortuak izango

16 Jaunak dio: «Etsai asko bidaliko ditut israeldarren aurka: arrantzale gisa, harrapatuko dituzte beren sareetan, edota, ehiztari gisa, mendi, muino eta harkaitzartetan ehizatuko.

17 Izan ere, begi-bistan dut haien jokabidea; niretzat ez dute isil-gorderik haien erruek.

18 Hasteko, zigor izugarria emango diet, profanatu egin baitute nire lurra, gorpu baten pareko diren idolo higuingarriez, eta nire ondarea zantarkeriez bete».

Herri guztiek Jauna aitortuko

19 Jauna, zu nire indar eta babesle,arriskuan ihesleku!Zuregana etorriko dira herriaklurreko azken mugetatik,eta esango dizute:«Gurasoek utzi dizkiguten jainkoakgezur huts dira,zentzugabekeriaeta ez ezertarako on.

20 Gizakiak egindako jainkoak,nola izan egiazko jainko?»

21 Jaunak dio:«Hara, nire esku ahaltsuaerakutsiko diet behin betiko,eta ikasiko dute Jauna naizela ni.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50 51 52